Arriskuak Ebaluatzeko Alemaniako Institutuak (BfR) informazioa aurkeztu du bere webgunean elikagaietan dauden hormonen presentziari buruz. Horrela, erantzuna eman zaie herrialde horretako kontsumitzaileek dituzten zalantza nagusiei.

Egindako galderetako batzuk honako hauek dira:

Haragiak berezko hormonak ditu?

Bai. Izan ere, hormonak organismoak berak prozesu endogenoak erregulatzeko sortzen dituen substantzia kimikoak dira. Hori dela eta, hala haragiak (giharrak) nola organo batzuek (gibelak eta giltzurrunek, esate baterako) berezko hormonak dituzte.

Hormona natural horien ondorioak eta sintetikoki ekoitzitakoenak berak dira?

Jatorri naturaleko hormonen eta sintetikoki ekoitzitakoenen ondorioak ez dira ezberdinak izan ohi. Alabaina, baldintza batzuen menpe, sintetikoki ekoitzitako hormonen indarra beste bat izan daiteke, edo eragina izan dezakete gorputzean metabolizatzeko behar den denboran. Bada, horrek dakar gorputzean gordetzen diren denbora-tartea luzeagoa izatea.

Hormonak erabiltzen dira abeltzaintza-ekoizpenean?

Europar Batasunean (EB) xede terapeutikoetarako besterik ez dira hormonak erabiltzen; esate baterako, araldiak sinkronizatzeko, betiere kontrolpean, 37/2010 Araudiaren eranskinean zehaztutakoaren arabera.
Ganaduen elikadurari dagokionez, EBn debekatuta dago loditzeko hormonak erabiltzea. Antzina, ondorio hormonalak zekartzaten substantziak erabiltzen ziren, animalien konbertsio-indizea hobetzen dutelako. Alabaina, giza osasunean eragin zitzaketen arriskuen eta kontzientzia etikoaren eta ingurumen-kontzientziaren aldaketaren ondorioz, ganadua loditzeko hormonen erabilera 1988an debekatu zen EBn.

Elikagaietan hormonen presentzia atzemateko modurik dago?

Bai: agintari eskudunek kontrol ofizial erregularrak egiten dituzte Hondakinen Plan Nazional Integratuaren (HPNI) esparruan, animalien eta animalia-ekoizpenen laginak erabilita.
Europan, EFSAk informazioa ematen du animaliengan eta animalia-jatorriko elikagaietan atzemandako sendagai eta bestelako substantzien hondakinez. 2010ean % 0,19k (47.337 laginetatik 90ek) eman zuten positibo hormonetan; 2011n, aldiz, % 0,11k eman zuen (46.478 laginetatik 53k).

Albiste osoa