Nekazaritza eta Elikadurarako Nazio Batuen Erakundeak (FAO) intsektu jangarriei buruzko txosten bat argitaratu du, elikadura-segurtasunaren ikuspegitik : Looking at edible insects from a food safety perspective. Challenges and opportunities for the sector.

Dokumentu horren helburua da praktika horren abantaila eta desabantailen deskribapen orokorra ematea, batez ere giza kontsumorako intsektuen elikadura-segurtasunarekin lotutako alderdiak kontuan hartuta.

Txosten hori elikagaien segurtasuneko profesionalei, politikak formulatzeko arduradunei, ikertzaileei, intsektuen ekoizleei eta kontsumitzaileei zuzenduta dago.

Elikagai oro bezala, intsektu jangarriak ere elikadura-segurtasunerako arrisku potentzial batzuekin lotuta egon daitezke.

Argitalpen horretan, elikagaien segurtasunari begira kontuan hartu behar diren  arrisku nagusietako batzuk jorratzen dira, agente biologikoak (bakterianoak, biralak, fungikoak, parasitoak) eta kutsatzaile kimikoak (pestizidak, metal toxikoak, sugar-atzeratzaileak) barne.

Elikadura-segurtasunaren bi alderdi garrantzitsu pentsuaren edo intsektuak hazteko erabiltzen diren substratuen kalitatea eta kaltegabetasuna dira. Ohiko pentsuen ordezko lehengaiak erabiltzeko aukera aztertzen ari dira, intsektuak masiboki ekoizteko substratu potentzial gisa. Lehengai horietako batzuk elikagaien hondakinak, nekazaritzako azpiproduktuak edo abeltzaintzako baserrietako simaurra izan daitezke.

Intsektuak eta krustazeoak (izkirak, otarrainxkak, etab.) artropodoen familiakoak dira. Itsaskien kontrako erreakzio alergikoak aski ezagunak badira ere, intsektu jangarrien kontsumoarekin lotutako balizko alergia-arriskuek, gaur egun, ikerketa sakonagoa behar dute.

Intsektikulturaren karbono-aztarna txikia eta baldintza hidrikoak direla eta, beste abeltzaintza‑espezie batzuen hazkuntzarekin alderatuta, erakargarria da ingurumen‑jasangarritasunaren ikuspegitik.

Oro har, intsektu jangarriak proteina, gantz-azido, bitamina eta mineralen iturriak dira, nahiz eta nutrizio-profila intsektu-espeziearen araberakoa izan, eta horrek giza dietarako elikagai potentzial bihurtzen ditu.

Bestalde, intsektuak elikadura-iturri jasangarri eta onuragarria ere izan daitezke animalientzat. Faktore horiek direla eta, intsektuak aukera ona dira geroz eta handiagoa den munduko biztanleriarekin lotutako elikagai-hornikuntzaren arazoari aurre egiten laguntzeko, ahalik eta eragin txikienarekin ingurumenean.