Elikagaientzako eta Pentsuentzako Europako Alerta Sistema Azkarrak (RASFF) jakinarazi du intoxikazio botuliniko bat izan dela Alemanian, arrain (Rutilus rutilus ; izen arrunta: errutiloa) lehorra, gazia eta hoztua kontsumitzeagatik.

Pertsona bakarrak jasan du intoxikazioa Alemanian, eta sintoma hauek izan ditu produktu hori kontsumitu ondoren: zorabioa, ikusmen bikoitza, ahultasuna eta goragalea.

Alemaniako agintariek jakinarazi dute ustez intoxikazioa eragin duen produktua hainbat estatu kidetara banatu dela; besteak beste, Espainiara, eta, zehazki, Kataluniara eta Valentziako Erkidegora.

Holandatik Espainiara banatu den produktu kopurua txikia da: 102 kg.

Nolanahi ere, Valentziako Erkidegoak jakinarazi du bi helduk elikadura-intoxikazio bat izan dutela (horietako bat baino ez dute ospitaleratu), eta biek aurrekari bera dute: errutilo lehorra, gazia eta hoztua kontsumitu dute.

ESPAINIAN PRODUKTUA BANATU DEN GEOGRAFIA-EREMUA

Produktua autonomia-erkidego hauetan banatu da: Madril, Murtzia, Kanariak, Gaztela-Mantxa eta Andaluzia.

PRODUKTUAREN IDENTIFIKAZIOA

Holandan ekoitzitako elikagaiak identifikazio-marka hau dauka: NL 6114 EG.

Produktua Alemaniako Monolith Süd GmbH establezimendutik banatu da Monolith Alimentacion España Sur SL (Valentzia) eta Monolith Alimentacion España Nort (Katalunia) establezimenduetara.

HARTUTAKO NEURRIAK

Ardurazko neurrien printzipioa aplikatu da, eta ustez intoxikazioa eragin duen arraina merkaturatzeko kanala kendu da. Horrez gain, geldiarazi egin da produktua, badaezpada, berau banatu duten establezimenduetan.

GOMENDIOA

Ardurazko neurri gisa, gomendatzen da etxean produktu horiek izanez gero ez kontsumitzea.