Iritzi zientifikoa alga-kontsumoagatik kadmioaren eraginpean jartzeko arriskuari buruz
ANSES erakundeak iritzi zientifiko bat argitaratu du; bertan, kadmioaren presentzia ebaluatu du alga jangarrietan, eta horien kontsumoa mugatzeko gomendioa helarazi die Frantziako biztanleei. Horrez gain, itsasoko alga jangarrietan gehieneko kadmio-kontzentrazio txikiagoak ezartzeko beharraren inguruan ohartarazi du.
Kadmioaren presentzia
Itsasoko algek polisakarido-eduki handia dutenez, kadmioa, beruna eta artsenikoa bezalako oligoelementu metalikoak metatu ohi dituzte. Kadmioa, bere egoera naturalean, ingurumenean oso hedatuta dagoen kutsatzaile bat da, eta, giza jardueraren ondorioz, nekazaritza eta industrian presentzia handia du. Metal astun hori kartzinogenoa, mutagenoa eta toxikoa da ugalketarako, eta haren eraginpean denbora luzez egonez gero, giltzurrunetako eta hezurretako kalteak jasan ditzakete pertsonek, bereziki ahozko esposizioa dagoenean elikagaien eta ur edangarriaren bidez.
ANSES erakundeak kadmioaren presentzia aztertu du alga jangarrietan: prozesatu gabeko 250 alga-laginen % 26k Frantziako Osasun Publikoko Kontseilu Gorenak (CSHPF) gomendatutako 0,5 mg/pisuaren kg-ko gehieneko balioa gainditzen zuten kadmio-kontzentrazioak zituzten.
Kadmio bidezko kutsadura handiagoa da alga marroietan (hala nola wakamea, maiz jaten dena entsaladetan) eta makroalga gorrietan (besteak beste noria, hosto moduan edo makietako osagai moduan erabiltzen dena).
Nahiz eta algen kontsumoa ohikoa den Asiako herrialde askotan, kontsumoak gora egin du Frantzian eta Europan ere, hainbat plater asiarren ospeak bultzatuta. Barazki fresko edo prozesatu gisa (lehorrak, gaziak, botilatan, etab.) kontsumitzen dira, baita elikagaientzako osagai moduan erabiltzen diren alga gisa ere.
Gomendioak
Emaitza horien aurrean, ANSES erakundeak hau gomendatzen du:
- Ahalik eta kadmio-kontzentrazio txikienak ezartzea itsasoko alga jangarrietan; izan ere, Frantziako biztanleen zati batek ingesta-maila toleragarriaren gaineko kadmioarekiko esposizioa du, haien ohiko dietaren bidez.
Ohiko dieta bateko kadmio-ingesta totala kontuan hartuta, ANSES erakundeak materia lehorreko kilogramo bakoitzeko 0,35 miligramoko gehieneko kadmio-maila proposatzen du alga jangarrietan. Maila horrek bermatzen du eguneko kadmio-ingesta toleragarria ez dela gaindituko kasuen % 95ean. Itsasoko algek kadmioaren esposizio dietetikoan zerikusia handia dutenez elikagai horren kontsumitzaileen artean, maila horrek % 11,5era murriztuko luke algek eguneko kadmio-ingestari toleragarriari egiten dioten ekarpena, gaur egun behatutako % 19arekin alderatuta.
- Beste inkesta bat egitea, Frantziako alga jangarrien kontsumo-ohiturei buruzko datu gehiago biltzeko. Emaitzek aukera emango lukete kontsumo-gomendio zehatzagoak egiteko: ez gainditzea algen gehieneko kopurua edo kadmioaren kontzentrazio-maila, alga motaren arabera (mikroalgak, makroalga gorriak, berdeak edo marroiak, etab.).
Azkenik, adituen balorazioak hauteman zuen beste metal astun batzuenganako gehiegizko esposizioaren arrisku handiagoa dagoela algen kontsumoa beste elikagai batzuenekin bateratzean. Hori gertatzen da, adibidez, artseniko inorganikoarekin, hijiki alga (Hizikia fusiforme) arrozarekin batera kontsumitzen denean.