Europako Batzordeak argitaratu berri du Europar Batasun osoko elikagaien kalitatean hautemandako aldeak objektiboki ebaluatzeko prozedura bateratu bat, Ikerketa Zentro Bateratuak (JRC) estatu kideen laguntzarekin egindakoa. Metodologia horri esker, argiago hautemango dira Europa osoko marka bereko elikagaien konposizioan dauden aldeak, eta kontsumitzaileei bermea emango zaie erosten dituzten produktuez fidatzeko, bizi diren lekuan bizi direla ere.

Europar Batasuneko biztanle guztiek informazio argia eta zehatza jaso behar dute erosten dituzten produktuei buruz, eta ezin da nahasmendurik eragin antzeko ontziak direla eta. Premisa horri jarraituz, metodologia honek zenbait printzipio ditu oinarri, hala nola gardentasuna, alderagarritasuna, laginketen antzekotasuna eta produktuen saiakuntza. Prozedura berri horrekin, agintaritzek egiaztatu ahal izango dute ea elikagaiak Europar Batasuneko zuzenbidea errespetatuz merkaturatzen diren.

EBko zenbait estatu kidetako laborategiek, Ikerketa Zentro Bateratuak koordinaturik, metodologia berri hau aplikatuko dute Europa osoko saiakuntza-kanpaina batean, kalitateko dualtasunaren arazoa zenbaterainokoa den jakiteko. Lehen emaitzak 2018aren amaierarako izango dituzte, eta gida praktiko gisa balioko dute praktika iruzurtiak ikertzen dituzten agintaritzentzat.