Argitalpen hau Europako Batzordearen Ikerketa Zentro Bateratuaren (JRC) eta Zientzia eta Ezagutza Zerbitzuaren txosten teknikoa da. Txostenaren helburua da oinarria finkatzea, zientzia-ebidentzietan oinarritutako Europako politikak sortzeko.

Horretarako, 2.700 substantzia kutsatzaile (edo substantzia-talde) baino gehiago dituen zerrenda bat osatu da.

Zerrendako substantzietako asko kutsatzaile emergentetzat jotzen dira, eta oraindik ere ez dira sartu ohiko monitorizazio- eta/edo ebaluazio-programetan, ezta REACHen zerrendetan edo beste akordio batzuetan ere (esaterako, alprazolama, kloroxurona, doxepina, kloronaftalenoak, fluorotelomeroetan oinarritutako substantziak).

Gainera, estatu kideek arro hidrografikoetako kutsatzaile espezifiko (RBSP) gisa identifikaturiko beste substantzia asko kutsatzaile emergenteen zerrendara gehitu dira (esaterako, ametrina, anilina, klorprofama, sekbumetona).

Txostenak, era berean, izendegi bateratua erabiltzen du kutsatzaileak identifikatzeko, eta oinarria izan liteke Europa osoan substantzia horiek taldekatu edo konbinatzeko.