2012-2014an, EFSAk ikuspuntu berri bat eman zion sor litezkeen arriskuen identifikazioari: metodologia nazioarteko bazkideengana hedatu zen eta sor litezkeen arriskuei buruzko lan-taldeak ezarri ziren. Horien jarduera 2013an hasi zen, EFSAko zientzia-panelek eta zientzia-batzordeak konpromiso handiagoa har zezaten.

Sor litezkeen arriskuen inguruko talde horrek ondorioztatu du ikuspegi berriak erakutsi egin duela ahalmena dagoela arriskuak eragin ditzaketen zenbait arazo aurreikusteko. Halaber, ondorioztatu da sor litezkeen arriskuak identifikatzeko, beharrezkoak direla esperientzia-maila handia eta informazioa partekatzeko ezagutza-sareak; beraz, sare eraginkorra izatea funtsezkoa da metodoak, datuak eta ebaluazioak trukatzeko.

Guztira 45 gai lehenetsi eta ebaluatu ziren sor litezkeen arrisku gisa:

  • Areago ikertu beharreko gaiak: Europa mailako azterlan bat edari energetikoen kontsumoaz, EFSAk erleekin eginiko jardueren inbentarioa, azterlan bat teknologia omikoen inguruan eta txosten bat elikagaietan dauden kutsatzaile kimikoen arriskua ebaluatzeko nazioarteko esparruei buruz.
  • Eginbidean dauden jarduerak: nahaste kimiko berriak, erleen osasuna, giza biomonitorizazioaren arriskuaren ebaluazioa, elikagaietan dauden substantzia kimikoen eta zianobakterioen toxinen dosia-erantzunaren ondorioak.
  • Aldez aurretik identifikatutako arazoak, EFSA eta EB kezkatzen dutenak: kafeinaren kontsumoa, dermatosi nodular kutsagarria, polenaren garrantzia landare-osasunaren arrisku-iturri gisa, plastikoaren mikro-partikulak itsas animalietan, eta biologia sintetikoa.

EFSAk sor litezkeen arriskuen inguruan egiten dituen jarduera guztiak oso ekarpen garrantzitsuak dira Horizonte 2020ri dagokionez.

Hurrengo eginbeharren artean daude Sor litezkeen arrisku biologikoei buruz adituei eginiko kontsultak amaitzea, lankidetza jarraitzea estatu kideekin eta gizarte zibileko interesdunekin, ikuspegi berriaren efikazia ebaluatzea eta eginbidean dauden jarduerak amaitzea.

EFSAren jarduerak, sor litezkeen arriskuen inguruan (2012-2013)