Kadmioaren elikagaien bidezko ingesta Herbehereetan – RIVM 2015
Osasun Publikorako eta Ingurumenerako Holandako Institutu Nazionalak (RIVM) 7 eta 60 urte bitarteko holandarrek elikagaien bitartez hartzen duten kadmioa kalkulatu dute, eta gutxi gorabehera 2 urteko umeek 0,57 µg / gorputz-pisuaren kg hartzen dute eguneko, eta helduek 0,20 µg gorputz-pisuaren kg eguneko.
Emaitzek erakutsi dute 10 urte bitarteko haurrek hartzen dutela, batez beste, kadmio gehien. Haurrek kadmio gehiago ahoratzen dute helduek baino; izan ere, haurrek helduek baino elikagai gehiago kontsumitzen dituzte gorputzaren pisuko kilogramo bakoitzeko. Horrez gain, zerealak, patatak, frutak eta barazkiak dira kadmio iturri nagusiak (ingesta guztiaren % 80, gutxi gorabehera), eta haurrek gehiago kontsumitzen dituzte elikagai horiek helduek baino.
Nolanahi ere, egindako arriskuen ebaluazioak, emaitza horietan oinarrituta eta kadmioa denbora luzez hartzeak izan ditzakeen ondorio kaltegarriak kontuan hartuta, erakusten du haurtzaroan kadmio asko ahoratzen bada ere, hori gero konpentsatu egiten dela, helduaroan gutxiago hartzen baita. Hori dela eta, bizitzan zehar elikagaien bidez kadmioa ahoratzeagatik giltzurrunetako gutxiegitasuna edo gibeleko beste gaixotasun batzuk izateko arriskua hutsala da.
Ikerketarako, bazuten nahikoa datu elikagai jakin batzuek (esnea, zerealak, barazkiak, frutak eta patatak) duten kadmio kontzentrazioari buruz. Alabaina, beste elikagai batzuen kasuan (besteak beste, haragia, kakahuetez eginiko produktuak, kakao prozesatua, olio-haziak -esaterako, ekilore-haziak-, anana, txerri- eta behi-gibela, eta arrain-espezie batzuk -adibidez, abadira, bakailaoa, izokina eta sardinzarra-), EFSAk 2012an eginiko Arriskuen Ebaluazioko datuak erabili zituzten, ez baitzuten daturik edo zituztenak ez zirelako nahikoa.
Baliteke haur holandarrentzat ateratako emaitzak kezkagarriak izatea, baina, oro har, ateratako baloreak EFSAk 2012ko ikerketan kalkulatutakoak baino baxuagoak dira.
Azkenik, RIVMk elikagai batzuen kadmio kontzentrazioa aztertzea gomendatu du, herritarrek elikagaien bitartez hartzen duten kadmio-kopurua zehatzago kalkulatzeko.
Elikagaien bidez Cd hartzea (RIVM)
ELIKAren fitxa: kadmioa elikagaietan