Kataluniak onetsi egin du Osasun Publikoko sailen arteko plana 14/02/21
Osasun Publikoko Sailen Arteko planaren (PINSAP) helburua da Kataluniako herritarren osasuna hobetzea, oinarri gisa sailen eta sektoreen arteko jarduera hartuta. Halaber, osasuna gobernuaren politikaren ardatz bihurtu nahi da, eta horretarako, asmoa da gobernuko, Kataluniako herri-administrazio guztietako eta herritarren osasun-ongizatean eragina duten herritarren sektore guztiak mugiarazi nahi dira.
Onetsi berri den PINSAP plan aitzindaria da nazioartean, eta egokitu egiten da OMEren Osasuna 2020 estrategiara. Bestalde, Kataluniako Osasun publikoari buruzko legeak xedatutakoa jasotzen du; zehazki, lege horretan jasotzen da Osasun publikoko sailen arteko plan bat sortzea, Katalunian osasun publikoaren esparruko jarduerak egiteko oinarrizko tresna gisa.
Plan hau egiteko, Osasunaren sailen arteko batzorde bat sortu da. Bertan, Kataluniako gobernuaren sail guztietako ordezkariak daude, eta aintzat hartu dira zenbait herrialdetako nazioarteko esperientziak: Finlandia, Australia hegoaldea edo Kalifornia. Beste alde batetik, kontsultak egin zaizkie administrazioen, gizarte- eta ekonomia-eragileen, zientzia-elkarteen eta korporazio profesionalen 42 erakunde ordezkari baino gehiagori, baita gizarte zibilari ere.
Bada, batzorde horrek aztertu egin ditu sail bakoitzak bere ardura eta eskumenei jarraikiz egiten dituen jarduerak eta ematen dituen zerbitzuak, osasunaren sustapenean eta babesean eragin nabarmena dutenak. Ondoren, sektoreen arteko 30 jarduera berri proposatu eta diseinatu ditu, sailen eta sektoreen arteko osagaia indartze aldera. Ekimen berri horiek hainbat esparrutako jarduerak jasotzen dituzte: elikadura, mugikortasuna, ingurumena, enplegua, hirigintza, etxebizitza, hezkuntza, kultura eta aisia, osasun-sistema eta gizarte-politikak.