ACSAk aztertu du ea giza osasunerako zer arrisku ekar diezazkieketen katalanei elikagaietan egon ohi diren 13 konposatu kimiko hauek:

  • Bost mikronutriente: kobrea, manganesoa, molibdenoa, selenioa eta zinka.
  • Kromoa (III); garbi dago zer zeregin betetzen duen mikronutriente gisa.
  • Zazpi kutsatzaile: aluminioa, antimonioa, barioa, bismutoa, estrontzioa, germanioa eta nikela.

Dieta osoaren 2008ko ikerlanean azterturiko elikagai talde berberak aukeratu dira (haragia eta eratorriak, arrainak, barazkiak, tuberkuluak, frutak eta arrautzak), eta aipaturiko 13 konposatu kimikoen kontzentrazioa aztertu. Esposizioa ebaluatzeko, aintzat hartu dira 2002-2003ko ENCAT azterlaneko kontsumoari buruzko datuak (katalanen nutrizio-egoerari buruzko inkesta eta jateko ohituren inguruko ebaluazioa).

Mikronutrienteak

Kobrea, manganesoa, molibdenoa, selenioa eta zinka funtsezko aztarna-elementuak dira giza organismoarentzat, baina kontzentrazio handietan toxikoak izan daitezke.

 

  • Kobrea, selenioa, molibdenoa

Adin talde desberdinetarako kalkulaturiko ingestek EFSAk ezarritako ingesta-eskakizunak betetzen dituzte, eta, beraz, ez dago osasunerako arriskurik konposatuok behar beste hartzen ez badira ere. Era berean, ingesta horiek EFSAk ezarritako gehieneko ingesta onargarriaren azpitik daude, eta, beraz, ez dago osasunerako arriskurik konposatuok gehiegi hartzen badira ere.

  • Zinka

Haurren taldeak gainditu egiten du Europako Batzordeko Elikagaien Batzorde Zientifikoak (SCF) ezarritako eguneroko gehieneko ingesta onargarria. Alabaina, talde horren eguneroko ingestaren balioa NOAELen azpitik dago, hau da, ondorio kaltegarririk ez dakarren dosi-mailaren azpitik. Uste da zink gehiegi hartze horrek ez dakarkiola arazorik osasunari, baldin eta dieta kobrez aberatsa bada.

  • Manganesoa

Mutil nerabeen taldeak zertxobait gainditzen du EFSAk ezarritako eguneroko ingesta. Hala ere, ez da finkatu gehieneko ingesta onargarririk, ez duelako zerikusirik ondorio kartzinogenoekin. Horrenbestez, ondoriozta daiteke ez dagoela intoxikatzeko arriskurik.

Kromoa (III)

Biztanle talde guztien ingesta EFSAk ezarritako eguneroko ingesta onargarriaren azpitik dago, kontuan hartuta elikagaietako kromo guztia forma tribalentean dagoela (III) eta lurzorutik datorrela eta ez industriako kutsaduratik (IV). Ingesta horiek kromo IVaren efektuetarako ezarritako segurtasun-balioen azpitik daude (aintzat hartuta elikagaietako kromo guztia forma horretakoa dela), gibelean eragiten dituen efektuen kasuan izan ezik. Horrenbestez, azterlanak ondorioztatzen du dietaren bitartez kromoa hartzeak ez dakarkiola arriskurik giza osasunari.

Kutsatzaile kimikoak:

 

  • Nikela

Biztanle talde guztiek EFSAk ezarritako eguneko ingesta onargarria (2,8 μg/kg/egun) aise gainditzen duten ingestak egiten dituzte; azpimarratzekoa da haurren taldea, 13,36 μg/kg/eguneko ingesta egiten baitu.

EFSAk dioenez, herritarren % 5ek nikelarekiko esposizio handia dute eta bi segurtasun-mailak gainditzen dituzte. Gaur egun eskura dauden datu epidemiologikoen arabera, ez dago loturarik esposizio dietetikoaren eta pertsonen osasunaren gaineko ondorio kaltegarrien artean. Dena dela, EFSAren arabera, aztertu beharko litzateke ondorio kaltegarri horiek zer eragin dituzten esperimentaziorako animalietan, zehatz-mehatz ebaluatu ahal izateko ea ondorio horiek eraginik izango luketen pertsonengan.

  • Aluminioa

Soilik haurren taldeak gainditzen du EFSAk ezarritako segurtasun toxikologikoaren maila (1 mg/kg/aste). Hala ere, ez dirudi osasunerako arriskurik dagoenik; izan ere, haurdun dauden emakumeentzat ezarritako segurtasun-maila eta beste efektu batzuen dosiak (esaterako, animalia jaioberrien, gazteen eta helduen neurotoxikotasuna) handiagoak dira.

  • Antimonioa, barioa, estrontzioa, bismutoa

Biztanle talde guztiek askoz ere antimonio, estrontzio eta bario gutxiago hartzen dute egunero, OMEk ingestetarako ezarritakoa baino. Halaber, ikusi da bismutoaren ingesta segurtasun-mailen azpitik dagoela; beraz, ondoriozta daiteke lau kutsatzaile kimiko hauek ez dakarkiotela arriskurik giza osasunari.

  • Germanioa

Ez da segurtasun-mailarik ezarri germanioarentzat, elikagaietan berez egon ohi den kopurua eta mota ez direlako toxikotzat jotzen; horrenbestez, ezinezkoa da germanioaren ingestagatiko arriskuaren ebaluazio zehatza egitea. Dena dela, ingestetako batek ere ez du gainditzen 0,7 mg/kg/eguneko ingesta, hots, elikagai-osagarriengatiko intoxikazioetan egon ohi den dosi toxiko apalena.