AESANen Batzorde Zientifikoak AESANek berak eta autonomia-erkidegoek elikadura-establezimenduak arriskuaren arabera sailkatzeko egin duten proposamena baloratzen duen zientzia-irizpena argitaratu du. Proposamenaren helburua ikuskapenak egiteko lehentasun-ordena ezartzea da, eta batzordeak zenbait gomendio eman ditu horren harira. 

Batzorde Zientifikoari egindako mandatua

Elikagaien Segurtasuneko eta Nutrizioko Espainiako Agentziak (AESAN) eta autonomia-erkidegoek “PNCOCA 2021-2025 planaren esparruan elikadura-establezimenduak arriskuaren arabera sailkatzeko orientazio-dokumentua” sortu dute. Dokumentuaren helburu nagusia da elikadura-establezimenduen arriskua baloratzeko eta kategorizatzeko sistema erkide bat ezartzea, oinarrizko arrisku-irizpide batzuk finkatuta, eta arriskuaren balorazio objektiboa egitea, estandarizatutako baremo batzuei jarraikiz.

 

AESANek bere batzorde zientifikoari eskatu dio dokumentua baloratu eta ekarpenak egiteko, arrisku-irizpideei, arriskuaren balorazioari eta arriskuaren araberako establezimenduen kategorizazioari dagokienez.

Arrisku-irizpideak

AESANek eta autonomia-erkidegoek sortutako dokumentuan hainbat irizpide ezartzen dira, eta bi motatakoak izan daitezke: orokorrak ala espezifikoak.

 

Irizpide orokorrak establezimendu bakoitzari berezkoak zaizkionak dira. Hala, ez dira denborak aurrera egin ahala aldatzen, eta ondorioz, establezimendura bertaratu gabe ebalua daitezke. Honako hauek dira:

  • Elikagai mota eta aurreikusitako erabilera
  • Establezimenduaren jarduera
  • Merkaturatze-esparrua
  • Enpresaren tamaina

 

Ostera, irizpide espezifikoak funtzionamenduaren, azpiegituraren eta elikagaien segurtasunaren kudeaketaren araberakoak dira. Zehazki, honako hauekin daude lotuta:

  • Erregistroa eta baimena
  • Establezimenduan egindako azken kontrol ofizialaren emaitzak: ikuskapena edo auditoretza
  • Enpresaren historia, lankidetza eta ez-betetzeen aurrean hartutako neurriak

Batzorde Zientifikoaren gomendioak

Batzorde Zientifikoak ondorioztatu du orientazio-dokumentua egokia dela aurreikusitako helburua betetzeko; alabaina, aldizka eguneratzeko gomendatu du, berau aplikatzetik eskuratutako esperientziaren, ezagutza zientifikoen aurrerapenaren, legeria-aldaketen eta Europak ikuskapenen maiztasunetan lehentasunak ezartzearen arloan ematen dituen jarraibideen arabera.

 

Gainera, Batzorde Zientifikoak beste irizpide batzuk ere proposatu ditu, besteak beste: establezimenduak autokontrol-sistemara eta higiene- eta maneiu-jardunbide egokietara atxikita egotea eta establezimenduan bertan langileei emandako prestakuntzaren egokitasuna.

 

Halaber, Batzordeak pilotatze-fase bat egiteko gomendatu du, hautatutako irizpideak aldatzea eragin dezaketen balizko zailtasunak hautemate aldera.