Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariaren ebazpena argitaratu da gaur; horren bitartez, eguneratu egiten da Euskadiko nekazaritza-elikagaien katearen kontrol ofizialerako plana, 2021-2025 aldirako.

Erkidegoko Kontrol Ofizialerako Plan hau euskal ekoizpen-sistemen errealitatera eta euskal administrazioaren eskumen-egiturara egokitu da. Funtsezko tresna da euskal ekoizpen-sektoreko elikagaien segurtasuna bermatzeko eta, hala, ekoizten ditugun elikagaiak kontsumitzen dituzten pertsonen osasuna behar bezala babestuta dagoela bermatzeko.

 

Plan hau martxan jartzea aurrerapauso handia izan da; izan ere, administrazioek nekazaritza-elikagaien kate osoan egiten diren kontrol ofizial guztiak integratzeko elkarrekin lan egitea eta elkarren artean koordinatzea lortu da. Horrek bide eman du hutsuneak eta gainjartzeak detektatzeko eta kontrol ofizialerako dauden baliabideak optimizatzeko.

Berritasun nagusiak

Plan honen berritasun nagusia da kontrol ofizialerako programak zabaldu egin direla landare-ekoizpenaren arloan eta animalien higiene eta osasunaren arloan. Aurreko zikloari (2016-2020) zegokion planak 11 kontrol-programa zituen; plan berri honek, berriz, 17 programa ditu, produktu fitosanitarioen merkaturatzearen kontrola, akuikulturako animalien osasunaren kontrola, erreprodukzio-produktuak merkaturatzeko baimena duten establezimenduen kontrola, animaliak kontzentratzeko zentroen kontrola eta animalien identifikazio eta erregistroaren kontrola barne, besteak beste.

 

Erkidegoko plan hau martxan jartzearen beste lorpenetako bat da kontrolak homogeneoak izango direla euskal lurralde osoan eta planak barne hartzen dituen sektore guztietan (nekazaritza, abeltzaintza, arrantza eta ingurumen-kalitatea). Bestalde, herritarrenganako gardentasuna ere hobetu da; izan ere, kontrol ofizialerako jardueren berri emango da, lanerako prozedurak eta programak argitaratuko baitira, baita planaren exekuzioari buruzko urteroko txostenak ere.

 

Plana, bere eguneratzeak eta urteroko txostenak Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean daude argitaratuta.