Kontsumitzaile britainiarrek Elikagaien Segurtasunaren inguruan duten pertzepzioa – FSA 2015
Elikagaien Segurtasunerako Britainiako Agentziak (FSA) Elikagaien Segurtasunaren pertzepzioari buruz eginiko azterlanaren emaitzak argitaratu ditu. Azterlan hori bi urtean behin egiten du, 2010az geroztik, eta xedea da, elikagaiekin lotutako alderdiei dagokienez, kontsumitzaileen jarreraren aldaketak ezagutzea.
2015eko maiatzean, Erresuma Batuko 2.640 helduri (lagin esanguratsua) egin zitzaien inkesta. Honako hauek dira ondorioak:
- Honako hauek dira Elikagaien Segurtasunaren esparruan, inkestatuen artean kezka handiena eragiten duten bi arazo nagusiak: elikagaien higienea etxetik kanpo jaten denean (% 37); eta gehigarrien erabileraelikagaiak ekoiztean (% 29).
- Hauek dira, elikaduraren esparruan, interes handiena eragiten duten gaiak: elikagaietako azukre-kopurua (% 51), elikagaiak alferrik galtzea (% 49) eta elikagaietan dagoen gatza (% 47).
- Inkestatuen % 48 kezkaturik agertu dira jatetxe, pub, kafe eta eramateko janaria saltzen duten establezimenduetako Elikagaien Segurtasuna dela eta. Bestalde, % 42 kezkaturik dago denda eta supermerkatuetako Elikagaien Segurtasunaren egoerarekin.
- Inkesta egin dutenen % 83k ezagutzen ditu erosketa- edo errestaurazio-establezimenduetako higiene-arauak; besteak beste, lokalen itxura (% 61) edo langileen itxura (% 46).% 43k badaki higiene-ziurtagiriak erabiltzen direla eta % 32k higiene-zigiluak erabiltzen direla.
- Azkenik, inkestatuen % 80k ezagutzen du FSA; % 65k konfiantza dauka FSAk, Elikagaien Segurtasunaren berme gisa, egiten duen lanean; eta % 7k ez du konfiantzarik lan horretan.