Bartzelonako Osasun Publikoaren Agentziak eguneratu egin du kontsumitzeko prest dauden elikagaien bizitza baliagarri seguruari buruzko azterlanak ezartzeko eta balioztatzeko metodologiaren gaineko dokumentua. Dokumentu horrek bere barnean hartzen du elikagaiei aplikatu beharreko irizpide mikrobiologikoei buruzko Europako araudiren azken berrikuspena, eta azpimarratzen du aldea dagoela elikagaien bizitza baliagarri segurua baliozkotzeko eta egiaztatzeko tresnen artean.


Bizitza baliagarri seguruak elikagaien gehieneko iraupena adierazten du, eta bat dator iraungitze-datarekin. Data hori adierazi egin behar da mikrobiologikoki oso galkorrak diren elikagaietan; izan ere, kontsumitzaileentzat arriskutsuak izan daitezke behin data hori igarota.

Bizitza baliagarri segurua neurri bat da, banatzeko, kontserbatzeko eta erabiltzeko arrazoizko baldintzetan elikagaiek izan ditzaketen arrisku nagusiak kontrolatzeko. Hori dela eta, dokumentu berri horrek Arriskuen Analisia eta Kontrol Puntu Kritikoak (AAKPK) sistemaren barruan sartzen ditu bizitza baliagarri seguruari buruzko azterlanak. Elikagai enpresetako eragileek sortu, aplikatu eta mantendu behar dute sistema hori.


Aintzat hartuta kontsumitzeko prest dauden elikagaiak mikrobiologikoki oso elikagai galkorrak direla, oso garrantzitsua da bizitza baliagarri segurua eta iraungitze-data zehaztea.

Testuinguru horretan, gida horrek azpimarratu egiten du zein garrantzitsua den kontsumitzeko prest dauden elikagaiak karakterizatzea eta aintzat hartzea kontsumitzeko, banatzeko eta erabiltzeko baldintzak.


Bizitza baliagarri segurua kontrol-neurri bat da, eta azken produktuari aplikatzen zaio; hortaz, balioztatu, monitorizatu eta egiaztatu egin behar da. Gidaren xedeetako bat da argitzea zein alde dagoen bizitza baliagarri segurua baliozkotzeko eta egiaztatzeko prozeduren artean.

Bizitza baliagarri segurua baliozkotzeko azterlanen helburua da ebidentzia ematea ziurtatu ahal izateko elikagaiari jarri nahi zaion iraungitze-datak banatzeko, kontserbatzeko eta erabiltzeko arrazoizko baldintzetan egon daitezkeen arrisku mikrobiologiko garrantzitsuak kontrolatzeko aukera ematen duela. Azterlan horiak a priori egin behar dira, hau da, elikagai berri bat merkaturatu aurretik edo haren prozesua aldatu ondoren.

Hiru pauso ditu baliozkotzeko azterlanak egiteko metodologiak:

· Mikroorganismo garrantzitsuak identifikatzea.

· Haien hazkundeari eragiten dioten faktoreak identifikatzea.

· Elikagaian duten jokabidea ebaluatzea kontserbatzeko, banatzeko eta erabiltzeko arrazoizko baldintzak aintzat hartuta.

Iraungitze-data ezarri eta baliozkotu ostean, beharrezkoa da monitorizatzea, lote bakoitzean adierazitako data eta ezarritako bizitza baliagarri segurua bat datozela zaintzeko.

Azkenik, bizitza baliagarri seguruaren aldian behingo egiaztatze-prozedurak ezarri behar dira. Haien helburua da egiaztatzea ea betetzen diren araudian ezarritako elikagaien segurtasun irizpideak, elikagaien bizitza baliagarrian zehar.

Baliozkotu ondorengo etapa da, eta dokumentuan bi egiaztapen-jarduera deskribatzen dira, zeinak modu osagarrian erabil daitezkeen:                                                                                  

· Iraunkortasun-saiakuntzak.

· Datuen historia.