Kontsumitzeko prest dauden entsaladetan Toxoplasma gondii parasitoa egoteko arriskua
Eurosurveillance aldizkariak kontsumitzeko prest dauden entsaladetan Toxoplasma gondii parasitoaren kisteen prebalentziari buruzko azterlan bat argitaratu du, Europako ikerketa-zentro eta unibertsitate entzutetsuen eskutik.
Azterlanean, laginen % 4,1 kutsatuta zeuden, eta hori arriskutsua izan daiteke arrisku talde espezifikoen kasuan, hala nola haurdun dauden emakumeen edo pertsona immunodeprimituen kasuan.
Aurrekariak
Toxoplasma gondii parasitoaren eraginez sortutako giza infekzio gehienak elikagaien bitartez transmititzen dira, baina ez dago argi infekzio-bide desberdinen garrantzia erlatiboa. T. gondii ookisteekin kutsatutako produktu berdeen kontsumoa identifikatu da balizko iturri gisa.
Helburua
Azterlanean 2021eko urritik 2022ko irailera Europako 10 herrialdetan (Norvegia, Danimarka, Erresuma Batua, Alemania, Polonia, Txekia, Frantzia, Italia, Espainia eta Portugal) merkaturatu ziren eta kontsumitzeko prest dauden (RTE) entsalada-nahasketen 3.329 lagin aztertu dira, T. Gondii parasitoaren ookisteen presentzia eta prebalentzia neurtzeko.
Emaitzak
T. gondii parasitoaren ookisteen ondoriozko kutsaduraren prebalentzia % 4,1ekoa izan zen. Neguan, Europako iparraldeko entsaladaren laginketa eta ontziratzea eta mendebaldeko Europako entsaladaren ekoizpena T. Gondii kisteen detekzio handiagoarekin lotu ziren, eta entsalada-moten artean ez zen alde estatistikoki esanguratsurik aurkitu.
Ondorioak
Azterlanaren emaitzek erakutsi dutenez, T. gondii parasitoaren ookisteen ondoriozko kutsadura RTE orri berdeko barazkietan gertatzen da, eta arriskutsua izan daiteke arrisku talde espezifikoen kasuan, hala nola haurdun dauden emakumeen edo pertsona immunodeprimituen kasuan.
Azterlan hori T. gondii parasitoa bilatzeko elikadura-matrizeen analisia egiteko jarraibideak prestatzeko erabil daiteke, Elikagaien Segurtasunerako Europako Agentziaren (EFSA) gomendioei jarraikiz. Etorkizuneko azterlanetan RTE produktuen ekoizpenaren etapa desberdinetan ookisteen presentzia aztertu beharko litzateke, arintze-estrategiak ezarri ahal izateko, kutsadura murriztu edo saihesteko eta pertsonak kutsatzeko arriskua murrizteko. Besteak beste, honako hauek izango lirateke:
- Parasitoen kopurua (karga) eta bideragarritasuna ebaluatzea.
- Fabrikazio-jardunbide egokiak (FJE) bateratzea.
- RTE entsaladak garbitzea.
- Laginketa-puntu espezifikoak ezartzea