AESANek (Elikagaien Segurtasuneko eta Nutrizioko Espainiako Agentzia) kudeaketarako neurri egokiak ezarri ditu elikagaietako arriskuak murrizteko eta kontsumitzaileen babesa bermatzeko. Gauzak horrela, hiru kasu zehatz identifikatu ditu eta horietan beharrezkoak dira neurri horiek:

  1. Herritar kalteberei (haurdunak edo haurdun egon daitezkeenak, bularra ematen ari diren emakumeak eta haurrak) gomendioak ematen dizkie zenbait arraini dagokienez (ezpata arraina, marrazoa, atun gorria edo thunnus thynnus espezie handia, normalean fresko edo izoztuta eta xerratan kontsumitzen dena, eta lutxoa), merkurioaren presentzia dela eta. Honako hauek dira gomendioak:
    • Emakume ugalkor, haurdun edo bularra ematen ari direnentzat: kontsumoa ekidin.
    • 3 urtetik beherako umeentzat: kontsumoa ekidin.
    • 3 eta 12 urte bitarteko umeentzat: kontsumoa mugatu egin behar da, 50 g/aste edo 100 g/2 aste (aste berean ezin da kategoria bereko bestelako arrainik kontsumitu).
  2. Herritar kalteberei (umeak eta haur txikiak) gomendioak ematen dizkie barazkiei dagokienez, nitratoen presentzia dela eta:
    • Urtebete bete aurretik ezin zaie umeei ez ziazerbarik ez zerbarik gehitu purean. Gehituz gero, saiatu behar dugu barazki horien kopurua pure osoaren % 20 baino txikiagoa izan dadin.
    • Urtebete eta hiru urte arteko umeei ezin zaie ziazerba edo/eta zerba anoa bat baino gehiago eman egunean.
    • Ezin zaie ziazerbarik edo/eta zerbarik eman infekzio gastrointestinal bakterianoak dituzten umeei.
    • Ezin dira giro tenperaturan utzi prestatutako barazkiak (osorik edo purean). Hozkailuan gorde behar dira egun berean kontsumitu behar badira; bestela, izoztu egin behar dira.
  3. Krustazeoak kontsumitzeko gomendioak, kadmioarekiko esposizioa murrizteko:
    • Ahal den neurrian, mugatu egin behar da krustazeoen haragi iluna (burukoa) kontsumitzea, kadmioarekiko esposizioa murriztearren.

Hala ere, gogorarazi behar da barazki eta arrainen kontsumoaren bidez hiru kutsatzaile kimiko horiekiko esposizioaren kalteak/onurak aztertzen dituztenean, horiek kontsumitzearen onurak handiagoak direla kalteak baino. Nolanahi ere, askotariko elikadura orekatua da elikadura egoki eta osasuntsuaren oinarria.

Gomendioak: merkurioa arrainetan

Gomendioak: nitratoak barazkietan

Gomendioak: kadmioa krustazeoetan