Irailaren 1ean, Carlos III.a Osasun Institutuko Mikrobiologiako Zentro Nazionalak Krimea-Kongo sukar hemorragikoko bi kasu zeudela baieztatu zuen, Espainian diagnostikatutako lehenak. Lehenengo kasua Madrilgo Erkidegoko ospitale batean artatutako paziente batena zen, eta zendu egin zen. Bigarren kasua, berriz, paziente hori bera artatu zuen Zainketa Intentsiboetako Unitateko erizain bat da.

Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioak argitaratutako prentsa-oharraren arabera, Madrilgo Erkidegoarekin lankidetzan ari dira kasuarekin lotutako alderdi guztietan. Halaber, Zaintza Epidemiologikoko Sare Nazionalak ezarritako protokoloa aktibatu da, bai eta autonomia-erkidego guztiekin koordinazio-mekanismoak ere.

Krimea-Kongo birusa Bunyaviridae familiakoa da, eta Krimea-Kongo sukar hemorragikoaren eragilea da. Birus horrek ziklo naturala du akainetan; hain zuzen, horiek bektore gisa jarduten dute, eta haien gordailu nagusia hausnarkari basatiak eta etxetiarrak dira.

Birusa akainen bitartez eta infektatutako ganaduarekin (odola edo ehunak) kontaktuan egoteagatik transmititzen zaio gizakiari, batik bat. Pertsonen artean ere transmititu daiteke, infektatutakoen odol, jariakin, organo edo gorputzeko beste likido batzuekin kontaktu estua izanez gero.

Kasu gehienak ganadu-industriarekin lotutako pertsonetan agertzen dira, hala nola nekazarietan, hiltegietako langileetan eta albaitarietan. Gaixotasuna endemikoa da Afrikan, Balkanetan, Ekialde Hurbilean eta Asian.

Gaixotasunari buruzko informazio gehiago-OME