Kutsatzaile kimikoen ingesta Katalunian -ACSA-2010
Elikagaien Segurtasunerako Kataluniako Agentziak (ACSA) eta Rovira i Virgili Unibertsitateak aztertu egin dute kutsatzaile kimikoen maila Katalunian kontsumitzen diren elikagaietan 2005-2007 urteko artean. Halaber, balioetsi egin dute Kataluniako herritarren dietaren bidezko esposizioa kutsatzaile horiekiko.
Kutsatzaile kimiko hauek aztertu dituzte, besteak beste: metal astunak, dioxinak, PCBak, furanoak eta HAPak. Kutsatzaile horietatik gehienen ingesta askoz ere txikiagoa da gomendatutako erreferentziazko baloreak baino, honako kutsatzaile hauen ingesta izan ezik:
- Kadmioa: Mailarik altuenak lekaleetan eta arrainetan antzeman dira. Batez besteko kadmio ingesta 17,19 μg-koa da eguneko, eta laboreak (% 25), lekaleak (% 18) eta haragia (% 17) dira kadmio kopuru handiena duten elikagai taldeak. Ingesta hori EFSAk ezarritako erreferentziazko mailaren % 68,8 da.
- Artsenikoa: Arrainen eta itsaskien taldean eta arroz laginetan baino ez dira antzeman kopuru handiak. Artseniko ez-organikoaren ingesta 16,25 μg-koa da eguneko, arrainen (% 35) eta laboreen (% 42) kontsumoaren ondorioz. Ingesta hori EFSAk ezarritako erreferentziazko mailaren % 76,6 da.
- Merkurioa: Arrain eta itsaskien taldean eta lekaleetan antzeman dira merkurio maila handiak. Kataluniako herritarrentzat kalkulatutako ingesta 11,35 μg-koa da eguneko, eta, batik bat, arraina kontsumitzeagatik izaten da. Ingesta hori EFSAk ezarritako erreferentziazko mailaren % 71,3 da.
- Dioxinak eta dioxinen antzeko PCBak: Oro har, arrain eta itsaskiak, eta olio eta koipeak dira kontzentrazio maila altuena duten elikagaiak. Honako elikagai hauek areagotzen dute eguneko ingesta: arrain eta itsaskiak (% 58), ogia eta lekaleak (% 11) eta olio eta koipeak (% 6,4). Ingesta hori OMSen erreferentziazko balorearen % 56 da.
2000. urtean egin zen Erabateko Dietari buruzko Azterlanarekin alderatuz gero, kutsatzaile kimikoekiko Kataluniako herritarren esposizio maila aldatu egiten da denboran zehar, antzemandako kontzentrazioen eta kontsumo ohituren aldaketen ondorioz. Azpimarratzekoa da behera egin duela nabarmen dioxinekiko eta dioxinen antzeko PCBekiko esposizio mailak.
Oro har, emaitzen arabera, kutsatzaile kimikoak ez dira arriskutsuak Kataluniako herritarren osasunerako. Metil-merkurioaren ingestari dagokionez, aurreko azterlanetan bezalaxe, arriskuko talde bi baino ez dira identifikatu: haurdunak eta umeak. Talde horiek aintzat hartu behar dituzte arrain harrapari handiei (atuna, ezpata-arraina eta txitxi-ezpata) buruzko gomendioak.
ACSAren azterlana: Erabateko Dieta