Hainbat faktoreren ondorioz (besteak beste, klima aldatzea eta merkataritza globala handitzea), handitu egin da animalien gaixotasunak eta/edo landare exotikoen izurriteak agertzeko arriskua.

Halaber, patogenoak edo gaixotasunak hautemateko teknologiak nabarmen hobetu dira azkenaldian eta, horri esker, arriskuen kudeatzaileek merkataritza-prozesuetan esku-hartzeko aukera dute. Beste alde batetik, EFSA, OIE edo EPPO (Europako eta Mediterraneoko Landaredia Babesteko Erakundea) bezalako organismoek hainbat sistema garatu dituzte landare eta animalien artean arrisku emergenteak ebaluatzeko.

Sistema horiek jada identifikatutako patogeno edo plagei baino ezin zaizkie aplikatu. Gainera, gaur egungo merkataritza globalak arrisku handia dakar landare exotikoen eta animalien gaixotasun berrien sarrerei dagokienez. Bada, horren guztiaren ondorioz, EFSAk Protokolo bat sortu du, CHIP izenekoa, merkantzien arrisku-profila zehaztea ahalbidetzen duena.

Protokolo horren oinarrian erabaki-zuhaitza dago, hain zuzen, honako ezaugarri hauek dituena:

  1. Generikoa da, hau da, edozein animalia- zein landare-merkantziarekin erabil daiteke.
  2. Erabaki-zuhaitzaren egitura modularra da, ebaluazio azkarra eta sakona errazteko.
  3. Programa, Excel-en, modu askean erabil dezake edozein arrisku-kudeatzailek (dokumentu batean, besteak beste, nola erabili azaltzen da).
  4. Erabaki-zuhaitza EBn sartzen diren merkantzien screening azkarra egiteko erabil daiteke.
  5. Emaitzan balizko hiru balio lortzen dira: handia, ertaina eta txikia.

Erabaki-zuhaitza prototipoa besterik ez da; beraz, lehentasuna eman zaio egiturari, eta bigarren maila batean utzi da edukia. Horri jarraiki, garrantzitsua da aipatzea beharrezkoa dela edukia hobeto aztertzea, sistema egokitze eta osatze aldera.

Sistema patogenoekin eta animalia- zein landare-izurriteekin erabiltzeko sortu bada ere, eredua balia daiteke zoonosi kasuetan eta giza osasunerako mehatxua izan daitezkeen bestelako arrisku biologikoak daudenean ere.

CHIP

Dokumentu erantsia