EUROPHYT alerta lasterreko sistema bat da, EBko estatu kideek eta Suitzak erabil dezakete eta Europako Batzordeak kudeatzen du. Sistemaren helburua EBn inportatutako eta merkaturatutako produktuen landare-osasuna kontrolatzea da.

Europako Batzordeak 2014. urteari dagokion txostena argitaratu du (EUROPHYT 2014 txostena), eta bertan aurkezten dira jakinarazpenen inguruko estatistika garrantzitsuenak. Gainera, atzemandako kasuen joerak aztertzen dira, 2010-2014 aldirako urteko zifrak erabiliz.

Honako hauek dira emaitza nabarmenenak:

  • 2014an, EUROPHYTek 6.662 jakinarazpen jaso zituen, estatu kideek eta Suitzak EBK ezarritako betekizunak betetzen ez zituztela-eta atzemandako bidalketen inguruan. Gehien-gehienak (% 96) hirugarren herrialdeetatik (HHHH) etorritako objektuekin, landareekin eta landare-produktuekin dute lotura. 2014ko jakinarazpenak, guztira, 2013an baino zertxobait gehiago izan ziren (6.997).
  • Hirugarren herrialdeetatik etorritako produktuei dagokienez, gutxi gorabehera, atzemateen % 37 organismo kaltegarrien presentziak eragin zuen; orobat, % 30 inguru egurrezko bilgarriei buruzko nazioarteko betekizun fitosanitarioak ez betetzeagatik atzeman ziren, eta % 25 inguru agiriekin lotutako arazoak zeudelako atzeman ziren.
  • Organismo kaltegarriak zituztelako atzemandakoei dagokienez, honako produktu hauek agertu ziren maizen: fruta eta barazkiak (% 73), egurrezko bilgarriak (% 11), loreak (% 7) eta ereiteko materiala (% 4).
  • Organismo kaltegarriak zeudelako eginiko atzemate gehienek bederatzi herrialde izan zituzten jatorri: Ghana, Kanbodia, India, Txina, Dominikar Errepublika, Sri Lanka, Bangladesh, Uganda eta Kenya. Egurrezko bilgarriarekin lotutako atzemate gehienen jatorria, aldiz, India eta Txina izan ziren.

Bestalde, eta oinarrizko produktu batzuek eragindako arriskuei erantzuteko, Batzordeak zenbait neurri hartu ditu, eta horien bidez lortu da herrialde batzuetan inportazioak tarteko eginiko atzemateen kopurua murriztea. Beste kasu batzuetan, egoera hobetzeko lanean dihardute.

Informazio gehiago – EUROPHYT 2014 txostena