Europako Batzordeak hurrengo kontrol-programak bideratzeko lehentasunezko hainbat arlo zehaztu ditu. Programa horiek Batzordeko adituek egin behar dituzte estatu kideetan, 2017/625 (EB) Araudiak xedatzen dituen arloetan.

 

Estatu kideei dagokie nekazaritzako elikakateari buruzko legedia betearazteko ardura, eta agintari eskudunek kontrolatu eta egiaztatu egiten dute elikagaien arloko langileek bete egiten dutela legedia. Kontrol horrekin batera, Batzordeko adituek beste kontrol batzuk egiten dituzte (ikuskaritzak barne) estatu kideetan, nekazaritzako elikakateari buruzko legedia betetzen dela egiaztatzeko. Horretarako, Batzordeak urte anitzeko Kontrol Programa egiten du, eta lehentasunak ezartzen ditu honako hauen arabera: osasun publikorako, eta animalia- eta landare-osasunerako antzemandako arriskuak; estatu kideek horren inguruan aurretik egindako jarduerak; ekoizpen-bolumena; edo iturri egokien (besteak beste, EFSA edo Kontrol Ofizialei buruzko Informazioa Kudeatzeko Sistema, SGICO) informazioa.

Lehentasunak

2020/1550 (EB) Exekuzio Erabakiaren bidez, Batzordeak 2012-2025 aldirako urte anitzeko kontrol-programa ezarri du, eta lehentasunezko jarduketa-arlo hauek mugatu ditu (epe horretarako ere lehentasun kronologikoak ezarri ditu):

 

1.- Elikagaiak eta Elikagaien Segurtasuna (2012-25):

  • Animalia-jatorriko elikagaiak: ugaztun eta hegaztien haragiaren eta produktuen, esne eta esnekien, arrantza-produktuen eta kuskubiko moluskuen segurtasuna.
  • Elikagaiek transmititutako zoonosiak: lehentasunezko zoonosiak (adib.: Salmonelosia).
  • Animalia-jatorrikoak ez diren elikagaiak: fruta eta ortuarien, usain-belarren, espezieen eta ernamuinen segurtasuna.
  • Animalia bizietan eta animalia-jatorriko elikagaietan dauden hondakinak.

 

2.- Pentsuak eta pentsuen segurtasuna:

  • Pentsuen higiene orokorra (2012-23).
  • Pentsu sendagarriak (2023-25).
  • Animalia-azpiproduktuak eta eratorriak (2021-23).

 

3.- Animalien osasuna (2012-25):

  • Epizootia aktiboak: lehentasunezko gaixotasunak (adib.: Afrikako txerri-izurria, oso patogenoa den hegazti-gripea).
  • Elikagaiek transmititzen ez dituzten zoonosiak (adib. amorrua).
  • Enzootiak: suntsitzeko programa aktiboak (adib.: tuberkulosia edo bruzelosia).
  • Prestakuntza eta Prebentzioa: animalien osasun arloko kontingentzia-planak (2022-25).

 

4.- Animalien ongizatea:

  • Garraioa: gai ez diren animaliak, azienda garraiatzeko itsasontziak, titia kendu gabeko txahalak, eta animalien igarobideetarako kontrol-postua (2022-24).
  • Ustiategian: oilo erruleak (2021-22).
  • Hiltzea: hausnarkariak eta kortako hegaztiak (2021).

 

5.- Landareen osasuna:

  • Landare-izurrien agerraldiak: lehentasunezko izurriak, besteak beste,  Xylella fastidiosa, tomatearen birus zimurtsua, pinu-zuraren nematodoa, Anoplophora generoko kakalardo antenaluzea edo intsektu triozidoa. (2021-25).
  • Prestakuntza eta Prebentzioa: Landareen osasunaren arloko kontingentzia-planak (2024-25).
  • Landareen, landare-produktuen eta beste objektu batzuen Europar Batasunean zeharreko zirkulazioa; pasaporte fitosanitarioak (2002-25).

 

6.- Produktu fitosanitarioak merkaturatzea eta erabiltzea, eta plagiziden erabilera jasangarria:

  • Produktu fitosanitarioak: baimentzea, merkaturatzea eta erabiltzea, eta hondakinak (2022-2025).
  • Plagiziden erabilera jasangarria (2021-2025)

 

7.- Elikagaien kalitatea (2021-25):

  • Nekazaritza ekologikoa.
  • Adierazpen geografikoak: JIB (Jatorri Izendapen Babestua), AGB (Adierazpen Geografiko Babestua) eta ETB (Espezialitate Tradizional Bermatua) erabili eta etiketatzea.

 

8.- Europar Batasunean sartzea hirugarren herrialdeko animaliak eta salgaiak (2021-25):

  • Animalien eta salgaien kontrol ofizialak.
  • Mugetako kontrol-postuen adostasuna.
  • Landareen, landare-produktuen eta beste objektu batzuen kontrol fitosanitario ofizialak (2012-23).

 

9.- Antimikrobiarrekiko erresistentzia (2020-23):

  • Antimikrobiarrekiko erresistentziaren jarraipena bakterio zoonotikoetan eta jankideetan.

 

10.- Nekazaritzako elikakatearen alderdi orokorrak:

  • Iruzurra: indarreko neurriak iruzurrezko jarduera eta jarduera engainagarrien kontra borrokatzeko (2021-2022).
  • Ikuskaritzako aholkuen jarraipena (2021-25).
  • Ustiategien kontrolak: ustiategientzako ziurtagiriak lortzeko bete beharreko baldintzen aplikazioari buruzko kontrolak gainbegiratzea (2021-25).

Batzordearen Lan-Programa 2021. urterako

Bestalde, Osasun eta Elikagaien Segurtasuneko Zuzendaritza Nagusiak 2021erako lan-plana argitaratu du, eta estatu kideetan auditoriak eta analisiak programatu ditu.

Zehazki, 2021ean Espainia bisitatuko dute honako eremu hauek ikuskatzeko:

  • Animalien ongizatea hiltegietan: hausnarkariak eta hegaztiak
  • Landare-izurrien agerraldiak kontrolatzeko neurri ofizialak: Xylella fastidiosa
  • Higienea molusku bibalbo bizien produkzioan
  • Arrantza-produktuen segurtasuna
  • Ugaztunen eta hegaztien haragiaren eta produktu eratorrien segurtasuna
  • EBn sartzen diren animalien eta salgaien inportazioaren kontrol ofizialak