Listeria monocytogenes detektatzeko laginketei buruzko gomendioak
EFSAk, Europan barazki izoztuekin lotuta gertatu den azken Listeria monocytogenes agerraldiaren harira, Europako Batzordeari gomendio batzuk eman dizkio L. monocytogenes hala prozesaketa-uretan eta frutak, barazkiak edo belar izoztuak ekoizten dituzten instalazioetan nola azken elikagai ekoitzian detektatzeko laginketa-estrategia eta metodo mikrobiologiko egokienei buruz.
EFSAk zazpi urratseko laginketa-estrategia bat osatu du, elikagaiak prozesatzeko plantetan L. monocytogenes kutsatzeko iturriak eta bideak identifikatzeko xedez. Estrategia horri esker, agintaritza eskudunek eta elikagai-enpresetako operadoreek errazago ikertu ahal izango dituzte listeria-agerraldiak.
Gainera, EFSAk L. monocytogenes-en ingurumen-monitorizazioa egiteko laginketa-puntu kritikoak identifikatu ditu elikagaiak ukitzen dituzten gainazaletan, hala nola hauetan:
- Zoruak, bereziki pitzadurak, hormak eta hustubideak.
- Sabaiak, goialdeko egiturak eta igarobideak.
- Garbiketa-guneak, ur kondentsatua eta ur geldia.
- Isolamendu hezea hormetan eta hoditerien eta hozte-unitateen inguruetan.
- Gomazko zigilatzeak ateen inguruan, bereziki hozkailuetan.
- Lotura metalikoak, bereziki soldaduretan.
- Xurgagailuen edukia.
Era berean, L. monocytogenes presente dago elikagaiak prozesatzeko, manipulatzeko, biltegiratzeko eta garraiatzeko erabiltzen diren ekipoetan, hala nola izozte-tuneletan, isurbideetan, hortz birakarietan, ebakigailuetan, aiztoetan, ebakitzeko oholetan, junturetan, uhal garraiatzaileetan eta eskularruen junturetan.
EFSAk EN ISO 11290-1 metodo estandarra gomendatzen du L. monocytogenes detektatzeko, eta behar bezala finkatutako teknika molekularrak L. monocytogenes-en isolamenduak karakterizatzeko. Modu horretan, lagin positiboen anduiak identifikatuko dira, eta loturak ezarri ahal izango dira gizakien kasu bakanen eta tartean diren fruta, barazki eta belar izoztuen artean.