Iparraldeko Ministroen Kontseiluak (Nordisk Ministerråd) argitaraturiko txosten honen xedea da itsas biotako makro eta mikroplastikoei buruz gaur egun dagoen ezagutzaren ikuspegi zabal bat ematea politikariei, ikertzaileei eta oro har herritar guztiei (ipar itsasoetako espezieetan aurkitutako plastikoaren presentziari buruzko datu espezifikoekin).

Hala makroplastikoak (begi hutsez ikus daitezke) nola mikroplastikoak (5 milimetrotik behera) itsas zaborraren hondakin ohikoenak dira, eta eztabaida gehien sortzen dutenak.

2015ean, 322 milioi tona plastiko ekoitzi ziren mundu osoan. Bada, kontsumo masibo horrek hondakinen antzeko bolumena sortzen du

Txosten honetan, biotako plastiko-presentzia kuantifikatzeko eta berresteko zenbait metodo deskribatzen dira, eta beste metodo ugari daude oraindik ere garatzeko.

Elikagaien segurtasunaren ikuspegitik, kontsumorako jakietako mikroplastikoen presentzia kezkagarria da gizakiek izan dezaketen esposizioa dela eta. Elikakatean, mikroplastikoak aurkitu izan dira kontsumo zuzeneko eta prozesatu gabeko arrain eta itsaskietan, esaterako muskuiluetan.

Mikroplastikoak dituzten elikagaiak kontsumituz gero, gerta liteke plastikoen produktu kimikoak gizakietara transferitzea.

Adituen gaur egungo ikerketen arabera, arrain eta itsaskietan egon daitezkeen mikroplastikoek “arrisku hutsala” dakarte giza osasunerako.

Hala ere, oraindik zalantza ugari dago plastikoen eta elikagaien segurtasunaren inguruan (adibidez, oraindik ez dakigu zer ondorio eragin ditzaketen nanoplastikoek)

Europako Batasunean, plastikoak alor eta prozesu hauetan erabiltzen dira batik bat: ontziratzean (% 39,9, gehienak erabilera bakarrerako), eraikuntzan (% 19,7), automobilgintzan (% 8,9), elektronikan (% 5,8), nekazaritzan (% 3,3) eta beste alor batzuetan (% 22,4), etxea, kirola eta osasuna barne.