Orain arte, adin guztietako behien hestea (duodenotik ondestera) eta mesenterioa jotzen zen Arrisku Material Espezifikotzat (MER), 999/2001 Araudiaren V. eranskinaren arabera.

Bada, maiatzaren 7tik aurrera araudi berri bat (728/2015 Araudia) aplikatuko da, aldatu egiten duena 999/2001 Araudiaren V. eranskina eta honako hauek MERtzat jotzen dituena: heste meheko azken lau metroak, heste itsua eta mesenterioa. Kanpoan uzten ditu, ordea, gainerako heste zatiak: duodenoa, kolona eta heste mehea (azken lau metroak izan ezik).

EFSAren irizpenak eta OIEko Lurreko Animalientzako Osasun Kodearen aholkuak daude erabaki horren oinarrian.

Hain zuzen ere, EFSAk 2014ko otsailaren 13an behien hesteetan eta mesenterioan BEE egoteko arriskuari buruz emandako zientzia-irizpenak hau ezarri zuen:

  1. BEEk infektatutako behien artean, 36 hilabete bete arte, infektibitatearen % 90 baino gehiago lotuta dago heste meheko azken lau metroekin eta heste itsuarekin.
  2. 36 eta 60 hilabete bitartean, banakako aldakortasun nabarmena dago, hesteko eta mesenterioko egiturek infektibitate guztiari egiten dioten ekarpenari dagokionez.
  3. 60 hilabetetik gora, BEEren infektibitatearen % 90 baino gehiago loturik dago mesenterioko nerbioekin eta konplexu ganglionar zeliakoarekin eta mesenterikoarekin.
  4. Duodenoak, kolonak eta ganglio linfatiko mesenterikoek % 0,1etik beherako ekarpena egiten diote animalia infektatuaren infektibitate guztiari, hiltzen denean animaliak duen adina gorabehera.
  5. Ehun horiekin lotutako infektibitate osoa aldatu egiten da animalia infektatutaren adinaren arabera. Goragunea dago 18 hilabetetik beherako animalien artean, eta apurka-apurka murrizten da 60 hilabetetik gorako animalietan.

EFSAren beste zientzia-irizpen batek (2011n argitaratu zen) hau adierazten du animalia-proteinek eragiten duten BEEren arriskuaren ebaluazio kuantitatiboa berrikustearen inguruan:

  1. BEEren kasu kliniko batean, infektibitatearen % 90 lotuta dago nerbio-ehundura zentralarekin eta periferikoarekin; % 10, bestalde, ileonarekin dago lotuta.
  2. Heste meheko azken lau metroez kanpoko heste zatietako eta heste itsuko infektibitate apurrak garrantzia eskasa du.
  3. Arriskua erabat desagerraraztea ez da helburu objektiboa arrisku-kudeaketaren erabakietan.

este alde batetik, OIEko Lurreko Animalien Osasun Kodearen 11.4.14 artikuluak gomendatzen du ez merkaturatzea BEEren arrisku kontrolatua edo zehaztugabea duten herrialdeetako edozein adinetako behien ileona.

Beraz, OIEk ez du gomendatzen ez saltzea behien hestearen edo mesenterioaren gainerako zatiak.
Hortaz, duodenoa, kolona eta heste mehea (azken lau metroak izan ezik) MER zerrendatik kanpo uzteak gerturatu egingo lituzke EBren MER zerrenda eta nazioarteko arauak.