EFSAk zenbait metal astunekiko (artsenikoa, kadmioa, beruna eta merkurioa) eta iodoarekiko elikadura-esposizioa aztertu du, Europako herritarrek itsas algak eta landare halofitoak kontsumitzeagatik.

Horretarako, EFSAk azken 10 urteetan lortutako datuak aztertu ditu (2011–2021), eta honako hauek dira emaitzak:

  • Maila analitikoan, aldagarritasun handia aurkitu zen alga laginetako metal astunen eta iodoaren kontzentrazioan, baita espezie bereko algen artean ere. Hala ere, kontzentraziorik altuenak iodoarenak dira.
  • Metal astunen artean, batezbestekorik altuena artsenikoarena izan zen, eta, bereziki, As totalarena; hala ere, lagin batzuetan As inorganikoak eta kadmioak izan zuten batezbestekorik altuena.
  • Itsas algetako merkurioaren batez besteko kontzentrazioak baxuenak izan ziren metal astun guztien artean.
  • Oro har, batez besteko mailarik altuena alga arreen (feofitoak) artean jakinarazi ziren, eta, jarraian, alga gorrien (errodofitoak) eta berdeen (klorofitoak) artean.
kombu

Datu horiek aztertu eta dieta osoari buruzko aurreko ikerketarekin alderatu ostean, EFSAk honako hau ondorioztatu du:

  • Cd-aren kasuan, esposizio-iturri garrantzitsuena Laver alga gorriena izan zen (1,675–1,676 μg/kg artean).
  • Berunaren eta As inorganikoaren kasuan, EFSAk uste du halofitoak, algak eta eratorritako produktuak kontsumitzen dituzten pertsonentzako zenbatetsitako esposizioa garrantzitsua dela; izan ere, dieta osoari buruzko aurreko ikerketan lortutako esposizioaren % 10etik eta % 30era bitartekoa da.
  • Metilmerkurioaren kasuan, elikadura-talde horrek pertsona heldu baten dieta osoari egiten dion ekarpena % 10ekoa izan daiteke.
  • Iodoaren kasuan, kontzentraziorik altuenak alga arretan badaude ere, beste alga mota batzuk maiz kontsumitzeak (Laver algak, besteak beste) iodo kopuru handia ekar dezake (eguneko 20 μg/gorputzeko kg-tik gorako batez besteko ingestioak identifikatu dira Kombu eta Laver algak kontsumitzen dituzten pertsonen artean).

Emaitza horiek agerian uzten dute itsas algak kontsumitzeak garrantzi handia duela metal astunekiko eta iodoarekiko munduko esposizioan eta iodoaren ahorakinean, eta etorkizunean itsas algen kontsumoak gora egiteak izan dezakeen eragina.