Animalietan eta gizakietan mikrobioen aurkakoak erabiltzea lotuta dago bakterioek mikrobioen aurka duten erresistentziarekin, hala animalietan nola gizakietan.

Hona hemen medikamentuekiko erresistentzia duten bakterioen zenbait adibide:

  • Staphylococcus aureus, metizilinarekiko (SARM) erresistentzia duena
  • Bankomizinarekiko (VRE) erresistentzia duten enterococoak
  • β-Lactamasak (Escherichia coli eta Klebsiella pneumoniae) sortzen dituzten enterobakterioak
  • Erresistentzia anitzeko Pseudomona aeruginosa
  • Clostridium difficile

Ildo horretan, Gaixotasunak Prebenitzeko eta Kontrolatzeko Europako Zentroak (ECDC), Elikadura Segurtasunerako Europako Agintaritzak (EFSA) eta Medikamentuen Europako Agentziak (EMA) elkarrekin argitaratu dituzte gizakien eta elikagaiak sortzen dituzten animalien bakterioek antibiotikoekiko duten erresistentziari buruz eginiko mota hauetako lehen analisiaren emaitzak. Horretarako, 2011ko eta 2012ko datuak erabili dituzte. EBeko bost zaintza-sareetatik abiatuta eskuratu dira.

Hauxe da aipatu erakundeek egitea aurreikusi dituzten hainbat analisietako lehenengoa.

Honako datu hauek nabarmendu nahi ditugu analisi horretatik:

  1. Animaliak hazteko asko erabilitako mikrobioen aurkako kontsumoa handiagoa izan zen animalietan gizakietan baino. Gizakien medikuntzarako berebiziko garrantzia izan zuen mikrobioen aurkakoen kontsumoa (besteak beste, fluoroquinolonak eta hirugarren eta laugarren belaunaldiko zefalosporinak), berriz, handiagoa izan zen gizakietan.
  2. Harreman positiboak atzeman ziren ikertutako konbinazio gehienetarako kontsumoaren eta medikamentuekiko erresistentziaren artean, hala animalietan nola gizakietan.
  3. Zenbait kasutan, lotura positiboa aurkitu zuten animaliek eginiko mikrobioen aurkako kontsumoaren eta gizakiek bakterioekiko duten erresistentziaren artean, nahiz eta emaitza horiek arretaz interpretatu behar diren, datu mugatuak daudelako horren inguruan eta mikrobioen aurkako erresistentziaren fenomenoa korapilatsua delako.

Hain justu, txostenean azpimarratu egiten dira analisirako erabilitako datuen mugak; izan ere, bai sentsibilitate-probetarako erabilitako datu-baseak bai erabilitako lagin eta metodologien aukeraketak ez daude erabat estandarizatuta. Beste alde batetik, mikrobioen aurkakoen kontsumoari buruzko datuetan, neurri-unitateak ez datoz bat.

Hona hemen ikerketatik ateratako beste datu batzuk:

  • 26 herrialdetatik hamabostetan, mikrobioen aurkakoen kontsumoa, batez beste, txikiagoa edo askoz txikiagoa izan zen elikagaiak sortzen dituzten animalietan gizakietan baino. Hiru herrialdetan, kontsumoa antzekoa izan zen bi taldeetan, eta zortzi herrialdetan, elikagaiak ekoizten dituzten animalien kontsumoa handiagoa edo askoz ere handiagoa izan zen gizakiena baino.
  • Herrialde gehienetan, fluoroquinolonen kontsumoa handiagoa izan zen gizakietan animalietan baino.
  • Herrialde guztietan, hirugarren eta laugarren belaunaldiko zefalosporinaren kontsumoa askoz ere handiagoa izan zen gizakietan elikagaiak sortzen dituzten animalietan baino.

"Mikrobioen aurkakoen erabilera eta mikrobioen aurka dagoenerresistentziar, hala animalietan nola gizakietan" txostenerako sarbidea – EFSA/ECDC/EMA

Mikrobioen aurkako erresistentziari buruzko informazio gehiago: