Antibiotikoen aurkako erresistentzia Europan: EFSA/ECDC 2015 txosten bateratua
EFSAk eta ECDCk 2015eko mikrobioen aurkako erresistentziari buruzko urteko txostena argitaratu dute.
Hona hemen ikerlanaren ondorio nagusiak:
"Aurreko urteetan bezala, mikrobioen aurkako erresistentzia ez da bera Europa osoan; desberdintasun handiak daude eskualdeen artean."
Oro har, esan liteke erresistentzia pixkanaka handitzen dela iparraldetik hegoaldera eta mendebaldetik ekialdera goazen heinean.
Desberdintasun horiek honako hauekin daude lotuta, ziur asko: mikrobioen aurkako erresistentzien preskripzio-irizpideak, infekzioen profilaxia eta tratamendua eta haren erabilera osasun-laguntzan.
"Bakterio Gram negatiboak: erresistentziak gorantz"
Txostenak nabarmendu du bakterio hauen egoera bereziki kezkagarria dela, duten prebalentzia altuagatik; gainera, kasu batzuetan areagotzen ari da prebalentzia.
"Hirugarren belaunaldiko zefalosporinak: erresistentzien gorakada E. coli eta K. pneumoniae bakterioetan"
Azken lau urteotan, nabarmen areagotu da Europan hirugarren belaunaldiko zefalosporinen aurkako erresistentzia E. coli eta K. pneumoniae bakterioetan.
Hirugarren belaunaldiko zefalosporinen aurkako erresistentzia horrek fluorokinolonen eta aminoglukosidoen aurkako erresistentzia dakar askotan. Askotariko erresistentzia horrek ere gora egin du 4 urteotan.
Antibiotiko horien aurkako erresistentzia areagotzeak beste antibiotiko batzuen erabilera handitu dezake, esate baterako, karbapenemikoena (eta horrek antibiotiko horien aurkako erresistentzia areagotu dezake gero).
"Antibiotiko karbapenemikoak: multierresistentziak"
Antibiotiko horien aurkako erresistentzia % 8,1ekoa da K. pneumoniae bakteorioan eta % 0,1ekoa Europako biztanleen artean. Eskualdearen arabera, erresistentzia-mailen arteko aldea handia izan daiteke K. pneumoniae bakterioaren kasuan, % 61,9tik % 1 baino gutxiagora artekoa. Horrez gain, azpimarratzekoa da lau urteotan izugarri areagotu direla bakterio horrek antibiotiko karbapanemikoen aurka dituen erresistentziak.
Salbuespen gutxi batzuk kenduta, fluorokinolonen, aminoglukosidoen eta hirugarren belaunaldiko zefalosporinen aurkako multierresistentzia zuten herrialdeek zituzten antibiotiko karbapenemikoen aurkako erresistentzia-tasarik handienak.
Mota horretako antibiotikoen aurkako erresistentzia-tasarik handiena Acinetobacter spp. bakterioan detektatu zen Europako hegoaldeko eta hego-ekialdeko herrialdeetan, baita herrialde Baltikoetan ere, non % 80eko tasara iritsi baitzen 2015ean.
Karbapenemikoen aurkako erresistentzia duten infekzioak tratatzeko, eraginkortasun txikiagoko beste antibiotiko batzuk erabiltzen dira; besteak beste, kolistina.
Karbapenemasak ekoizten dituzten enterobakterioak etengabe ari dira zabaltzen, bereiziki K. pneumoniae bakterioak, eta horiek azaro larriak eragiten dizkiete Europako ospitaleei.
"MRSA - S. aureus, metizilinarekiko erresistenteak: erresistentzia beherantz"
Erresistentzia-tasak beheranzko joera bat ari dira izaten azken lau urteotan, % 18,8tik (2012) % 16,8ra (2015), hain zuzen ere.