Mikroplastiko eta nanoplastikoak elikakatean
Dokumentu hau mikroplastiko eta nanoplastikoei buruzko 4.200 artikulu baino gehiagoren analisiaren emaitza da. Hain zuzen, artikulu horiek mikroplastiko eta nanoplastikoek elikagaietako eta animalia-espezie jangarrietako kutsatzaile gisa duten eraginean espezializatutako adituek berrikusi dituzte.
Europan, 2012an produzitutako etxeko plastikoaren % 26 birziklatu egin zen, % 36 energia sortzeko erre zen eta gainerako % 38a hondakindegietara eraman zen.
Hala eta guztiz ere, kalkulatzen da 10-20 tona plastikok ozeanoetan bukatu zutela.
2013an, 300 milioi tona plastiko inguru sortu ziren mundu osoan (% 4 hazi zen plastiko produkzioa aurreko urtearen aldean)
Gaur egun, mikroplastiko eta nanoplastikoak oso zabalduta daude ingurumenean. Etxe barruko nahiz kanpoko airean, uretan, sedimentuetan eta lurreko eta uretako organismoetan aurki daitezke.
Kutsatzaile horietako gehienak “erabilera bakarreko plastikoetatik”, arrantza‑aparailuetatik, arropa eta kosmetikoetatik, nekazaritza-plastikoetatik, pinturetatik eta hiri-hautsetik datoz.
Kutsatzaile iraunkorrak direnez gero, espezieen arteko transferentzia trofikoak metaketa biologikoa eragin dezake. Maila trofiko goreneko espezieetako mikroplastiko- eta nanoplastiko-kontzentrazioa kate trofikoaren behealdean dauden espezieena baino altuagoa da.
Plastiko-partikula horiek zuzenean irenstearen bitartez (mikroplastiko esekiak) edo transferentzia trofikoaren bitartez (beste itsas animalia batzuk jatea) iristen dira itsas espezieetara, eta, horren ondorioz, mikroplastikoak hauteman dira arrainen, bibalbioen, krustazeoen eta dortoken traktu gastrointestinaletan.
Berrikusitako artikuluetako batek azaltzen du animalientzako pentsuak prestatzeko animalien tripak erabiltzeak (adibidez, oilategiko hegaztien produkziorako eta txerrien hazkuntzarako) osasunean eragin potentziala izan dezakeela etorkizunean.
Arrainetatik eratorritako produktuen % 40 inguru baino ez da giza kontsumora bideratzen; horrek esan nahi du arraina eta itsaskiak prozesatzen dituen industriak arrain-buru, hezur, azal eta errai forman baztertzen duela lehengaiaren % 60a.
Azpiproduktu horiek mantenugai ugari (proteinak eta mineralak) dituzte, eta birbalorizatu egin daitezke animalien elikadurarako proteina-eduki handiko osagai gisa. Aintzat hartuta pentsuak animalien produkzioaren kostuen % 40 eta % 50 artean hartzen duela, kostu baxuko osagai horiek animaliak elikatzeko aukera merkeagoa dira.
Pentsuak prestatzerakoan, arrain-irinak nahastu egiten dira beste osagai batzuekin, eta, beraz, ez dago modurik bide hori mikroplastiko eta nanoplastikoak irensteko iturri gisa baztertzeko. Alabaina, ez dago azterketarik hiltegiko abereek elikaduraren bitartez hartutako kutsadurari buruz, ezta elikadura horrek animalien osasunean edo giza kontsumorako haragiaren kalitatean duen eraginari buruz ere. Horrenbestez, gaur egun ezin da horren ebidentziarik aurkeztu.