ACSAren Elikadura Segurtasuneko Zientzia Batzorde Aholkulariak onetsitako txosten honetan bildu dira elikakatean dauden mikroplastikoen eta nanoplastikoen inguruko ezagutza guztiak eta giza osasunean izan ditzaketen ondorioak.

Oso gutxi dakigu mikroplastikoen presentziari, esposizioari eta toxikozinetikari buruz. Ziurgabetasun asko daude eta erabateko fidagarritasuna duten oso azterlan gutxi egin dira, askotariko metodo eta tresnak erabili baitira mikroplastikoen partikulen laginak bildu eta aztertzeko.

Nanoplastikoen kasuan, ziurgabetasun horiek are handiagoak dira, eta datuak falta dira arriskuen ebaluazioa egin ahal izateko.

Gaur egun erabilgarri dauden datu gutxi horiek aztertuta, txostenak adierazten du ez dela aurreikusten elikagaien bidez jandako mikroplastiko-partikulek berehalako arriskurik ekarriko dutenik kontsumitzaileen osasunerako.

Adierazten du, halaber, datuak falta direnez, mikroplastikoak dituzten elikagaiak kontsumitzearen arriskuari buruzko edozein ebaluaziok muga handiak dituela.

Hori horrela, zenbait ziurgabetasun aipatzen ditu, gure elikadura-segurtasuna zaintzea xede duten erakundeek horiek argitzeko ahalegina egin dezaten, ikerketaren bidez.

ZIURGABETASUNAK

Mikroplastikoak

  • Mikroplastikoen ondorioei buruzko datu toxikologikoak falta dira, gizakiontzat duten arriskua ebaluatu ahal izateko.
  • Ez dago informaziorik mikroplastikoek digestio-hodian edo mikrobiotan dituzten tokiko efektuei buruz.
  • Informazio oso gutxi dago mikroplastiko-partikulen hesteetako xurgapenari eta partikula horiek organismoan sakabanatzeko moduari buruz. Xurgapena txikiagoa da partikula handienen kasuan, eta ez dago ia xurgapenik 150 µm-tik gorako partikulak direnean, baina ez dago behar adinako informazio kuantitatiborik xurgapen horretan parte hartzen duten mekanismoei eta partikulen formaren eta osaeraren araberako ondorioei buruz. Gainera, ez dago ia informaziorik metabolismoari eta iraizketari buruz.
  • Gaur egun metodo gutxi daude elikagaietan dauden mikroplastikoak identifikatzeko eta zenbatzeko. Materia biogenikoa degradatzeko deskribatutako metodoek plastikoak ere degradatzen dituzte hein batean; hortaz, ez dira egokiak plastikoen kopurua neurtzeko.
  • Datu gutxi daude mikroplastikoek elikagaietan duten presentziari buruz. Erabilgarri dauden datuak elikagai hauei dagozkie: arrainak, bibalbioak eta krustazeoak; eta datu puntual batzuk baino ez daude beste elikagai batzuentzat: eztia, garagardoa eta gatza, besteak beste.
  • Informazio pixka bat dago xurgatutako plastikoen gehigarri eta kutsatzaile hauei buruz: ftalatoak, A bisfenola, PBDE, HAP eta PCB. Baina beste kutsatzaile kimiko batzuei buruzko datuak falta dira.
  • Ez dakigu elikagaiei aplikatzen zaizkien zenbait prozesuk, hala nola egosteak edo labean erretzeak, nola eragiten dien mikroplastikoen edukiari. Halaber, ez da azterlanik egin itsasoko produktuen tratamenduan zehar mikroplastikoak edo nanoplastikoak nora bideratzen diren jakiteko.

Nanoplastikoak

  • Ez dakigu jandako mikroplastikoak nanoplastiko bihur daitezkeen digestio-hodian.
  • Nanoplastikoak xurgatu, organismoan sakabanatu eta zeluletan sar daitezke, baina ez dakigu zer-nolako bioerabilgarritasuna duten eta zer ondorio dituzten giza osasunean.
  • Ikusi da nanomaterial batzuek beren bolumen txikiari berariaz lotutako efektu toxikoak dituztela, baina datu hori ezin da zuzenean estrapolatu nanoplastikoetara. Ez dago ia daturik nanoplastikoen toxikotasunari buruz, eta, horrenbestez, ezin da pertsonentzat dituzten arriskuen ebaluazio egokirik egin.
  • Ez dago elikagaietan dauden nanoplastikoak identifikatzeko eta zenbatzeko analisi-metodorik; hortaz, datuak falta dira elikagaietan duten presentziari buruz.

Aurreikusten da elikagaietako mikroplastikoek gora egiten jarraituko dutela (gaur egun dauden plastikoak zatikatu egingo direlako eta plastiko gehiago iritsiko direlako ingurumenera), eta are gehiago material horien erabilera mugatzeko neurririk hartzen ez bada. Hortaz, arriskua maiztasun handiz ebaluatu beharko litzateke.