Batzordearen misioa, kontrolak arriskuetan oinarrituta planifikatzeari buruzkoa
DG SANTEk ikerketa-misio bat egin zuen Espainian, elikadura-segurtasunerako kontrol ofizialak arriskuaren arabera planifikatzeko ezarritako mekanismoei buruzko informazioa biltzeko. Misio hori 2017ko azaroaren 21etik abenduaren 1era bitartean egin zen, eta Gaztela-Mantxa eta Andaluzia autonomia-erkidegoak bisitatu zituzten, baita MAPAMAren eta AECOSANen koordinazio-unitateak ere.
Misioaren bidez ondorioztatu da arriskuak ebaluatzeko eta arriskuon arabera kontrolak planifikatzeko sistemak ezarri direla, informatika-tresna egokiak erabiliz eta bat etorriz 882/2004 Erregelamenduaren 3. artikuluan ezarritakoarekin.
Zehazki, landare-jatorriko elikagaien ekoizpen primarioarekin eta ekoizpen primarioaren ondorengo faseekin lotuta ezarri diren mekanismoak ikertu ziren, eta honako hauek egiaztatu ziren:
Landare-jatorriko elikagaien ekoizpen primarioa
- MAPAMAk datu-base berri bat garatu du, REGEPA izenekoa; bertan, ustiategi bakoitzaren neurria eta egiten dituzten laboreak daude jasota.
- 2016tik, ekoizpen primarioko higiene-kontrol ofizialen arriskuen araberako plangintzak beste planteamendu bat du oinarri, produktu fitosanitarioen erabilera iraunkorraren kontrolak kontuan hartzen dituena.
- Arriskuaren ebaluazio orokorretik eta MAPAMAk emandako orientabide nazionaletatik abiatuta, eskumeneko autonomia-erkidego bakoitzak bere kontrol espezifikoak planifikatzen ditu, bere lurraldean dauden ustiategiei eta laboreei dagozkien arriskuen autoebaluazioa aintzat hartuta.
Ikerketa-misioaren bidez ondorioztatu da nazio-mailan aplika daitekeen diseinu berriaren sistemak behar adinako irizpide eta elementuak barne hartzen dituela ustiatzaileen eta produktuen arriskuak kategorizatzeko, eta autonomia-erkidegoek malgutasuna dutela arriskuen araberako plangintza egokitzeko, tokian tokiko ezagutzak eta baldintzak oinarri hartuta.
Ekoizpen primarioaren ondorengo faseak
- AECOSANek zenbait orientabide eman ditu Elikakatearen Kontrol Ofizialerako Plan Nazionalaren (PNCOCA) barnean. Zehazki, autonomia-erkidegoek arriskuetan oinarritutako kontrolak planifikatzean kontuan hartu behar dituzten printzipio nagusiak bildu ditu.
- Gaztela-Mantxako Erkidegoak “INEA” informatika-programa erabiltzen du elikadura-segurtasunerako kontrolak planifikatzeko. Programa horrek arriskuaren plangintzari eta ikuskapenen exekuzioari dagozkion behar operatibo guztiei erantzuten die, eta, aldi berean, hurrengo jarduketak programatzeko tresna erabilgarria da ikuskatzaileentzat.
- Andaluziako Autonomia Erkidegoak “Albega” informatika-tresna erabiltzen du arriskuak kategorizatzeko, elikadura-segurtasuneko kontrolak planifikatze aldera. Elikagaien establezimendu guztiak bost kategoriatan sailkatzen ditu arriskuaren arabera, eta kontrol-maiztasun desberdinak ezartzen dizkie.
Misiotik ondoriozta daitekeenez, aztertutako bi sistemak desberdinak dira tresna eta funtzionalitate informatikoei dagokienez, baina biek ala biek irizpide eta elementu egokiak erabiltzen dituzte arriskuaren araberako ustiatzaile-profilak osatzeko.