Zer egiten du EFSAk nazioarteko zientzia-kooperazioan? 2014/07/15 EFSAk argitaratu egin du Nazioarteko Zientzia Kooperazioko Programa 2014-2016, eta horretan lehentasuna eman die elikagaiekin lan egiten duten munduko agentzia eta erakundeekin egiten den elkarrizketari eta elkarlanari.

Programak zehaztu egiten ditu EFSAk nazioarteko zientzia-kooperazioa babesteko eskura dituen jarduerak, mekanismoak eta tresnak. Batez ere zientzia- eta teknika-aholkularitza ematen die Codex Alimentariusari eta FAO/OMEko adituen batzordeei. Halaber, EFSA lankidetzan ari da zientzia-aholkularitza ematen duten edo nazioarteko arauak ezartzen dituzten nazioarteko erakundeekin: Babes Fitosanitarioaren Nazioarteko Konbentzioa (IPPC), Babes Fitosanitarioaren Europako eta Mediterraneoko Erakundea (EPPO), OCDE eta OIE. Azkenik, lankidetza-hitzarmenen bidez, hirugarren herrialde batzuetako Elikagaien Segurtasunaren arloko agentziekin ere jarduten du, Australia, Kanada, Japonia, Zeelanda berria eta AEB bezalako herrialdeetan.

EFSAk epe labur-ertainean ezarritako 3 helburu gakoak honako hauek dira:

  1. Arriskuen ebaluazioaren erabilgarritasuna eta ahalmena optimizatzea EBn eta nazioartean.
  2. Metodologiak eta ikuspegiak sortzea eta bateratzea, elikakatearekin lotutako arriskuak ebaluatzeko.
  3. Zientzia-ebidentzia sendotzea, arriskuak ebaluatzeko eta horien jarraipena egiteko.

Helburu gako horiek betetzeko, aipatutako erakundeen lankidetzarekin jarraitzeaz gain, EFSAk nazioarteko lankidetza-ekimen berriak ere proposatu ditu:

  • Alderdi anitzeko harremanetan, lankidetza indartzea EBko erakundeekin; hala nola, Ikerketa Zentro Partekatuarekin (JRC), nazioartean garrantzia duten esparruetan (esate baterako, arriskuak ebaluatzeko gidak, sektore guztietan harmonizatutakoak; genoma osoaren sekuentziaren erabilera; arriskuak ebaluatzeko metodo alternatiboak).
  • Hirugarren herrialdeekin dauden alderdi biko harremanei dagokienez, sendotzea azken aldian arriskuen ebaluazioaren inguruan sortutako ekimenak, Asiako, Hego Amerikako eta Afrikako herrialdeekin, ezagutza eskualdatzeko mekanismoen bidez; esate baterako, nazioarteko biltzarrekin, gaien araberako mintegiekin eta langileen trukearekin.
  • Nazioarteko plataforma bat ezartzea, arriskuak jakinarazteko jardunbide bateratuak sortzeko eta bultzatzeko.

EFSA programme on International Scientific Cooperation 2014–2016