Txosten honetan, prozesatu gabeko elikagaietako plagizida-hondakinak bilatzeko egin diren analisien emaitza konparatiboak jaso dira. Zehazki, bi ekoizpen-metodo alderatu dira: organikoa eta konbentzionala.

Kontuan harturik EBn elikagai freskoen, izoztuen edo hoztuen (barazkiak, arrautzak, behi-esnea eta hegazti-haragia, esaterako) 30.852 lagini (% 94 nekazaritza konbentzionalekoak) egindako 2013ko, 2014ko eta 2015eko kontrol-programen emaitzak, txostenak honako hau ondorioztatzen du:

1.

Nekazaritza organikotik eratorritako laginen % 6,5k teknika analitikoekin kuantifikatzeko moduko hondakin-kopuruak zituzten (substantzia aktibo batenak edo gehiagorenak).

Nekazaritza konbentzionalaren kasuan, ehuneko hori 44,5ekoa zen.

2.

Hondakinen gehieneko mugak (LMR) gainditzen zituzten laginen kopurua % 1,2 izan zen nekazaritza konbentzionalaren kasuan, eta % 0,2 nekazaritza ekologikoaren kasuan (Maltako piper gozoen lagin bat, Errumaniako patataren lagin bat eta Portugalgo porruaren lagin bat).

Edonola ere, ezarritako LMRak gainditzeak ez dakar zuzeneko arriskurik kontsumitzaileen osasunerako.

Kasu gehienetan, marrubien, baba eta leken, azenarioaren, letxugaren eta mahaiko mahatsaren laginek gainditu zituzten ezarritako LMRak.