EBko Erleen Elkarteak (EUBP) datu-plataforma berri bat aurkeztu du. Bertan bildu eta ikusgarri jarriko dira erleekin eta beste polinizatzaile batzuekin lotutako Europako datu harmonizatuak. Tresna horrek ezinbesteko rola izango du erleen eta intsektu polinizatzaileen osasuna babesteko ahaleginetan.

Etorkizuneko helburua da, plataformatik abiatuta, erleen osasunaren eta erlezaintzaren alorreko interesdun guztien artean bildu eta partekatutako informazio, ezagutza eta datu guztiak jasoko dituen zentro bat sortzea.

 

Tresna berritzaile hori BeeLife Erlezaintzako Europako Koordinakundeak garatu du, EFSAren babes eta finantzazioarekin, baita hauen guztien lankidetzarekin ere: erlezaintza- eta nekazaritza-elkarteak, Europako agentziak, zientzialari eta akademikoak, laborantzak babesteko industriako ordezkariak, albaitaritza-elkarteak, GKEak eta beste interesdun batzuk.

 

Azkenean, gauzatutako lanaren emaitza gisa, datuak eta metadatuak integratzeko prozedura bat sortu eta ezarri egin da, eta datuen kalitatea ere baliozkotzeko gai da. Plataforma abian dauden proiektuetako datuekin eta datu-base publikoekin elikatu da. Horrez gain, hainbat algoritmo proposatu dira datuak aztertu eta informazioa ateratzeko, baita informazioa aurkezteko txostenak egiteko ere.

 

Europa osoko erle eta polinizatzaileei buruzko datu harmonizatuak biltzea ezinbestekoa da EFSAk garatutako esparru berriak (erleentzako askotariko faktore estresagarrien ingurumen-arriskua ebaluatzeko xede duenak) arrakasta izan dezan.