OMErentzat lehentasunezkoak diren bakterio-patogenoak
OMEk osasun publikorako garrantzitsuak diren lehentasunezko bakterio-patogenoen zerrenda berria argitaratu du, mikrobioen aurkako erresistentzia prebenitu eta kontrolatzeko ikerketa, garapena eta estrategiak bideratzeko. Zerrenda horretan, antibiotikoekiko erresistenteak diren 15 familiatako 24 bakterio patogeno daude, hiru kategoriatan sailkatuta (kritikoa, altua eta ertaina) lehentasunak errazago ezartzeko.
Zerrenda berri horrek antibiotikoekiko erresistenteak diren bakterio-patogenoen lehenespena eguneratu eta hobetzen du antibiotikoekiko erresistentziaren erronka aldakorrei heltzeko. Horrek, antibiotiko berrien eta erresistentzia-joera berrien I+G gauzatzeko tresna erabilgarri bihurtzen du; izan ere, nazioarteko koordinazioa sustatu eta berrikuntza bultzatzen du.
Zerrenda hori tresna gisa erabil dadin mundu osoan, osasun publikoaren ikuspegi integrala izan behar dugu mikrobioen aurkako erresistentziari aurre egin eta nazioko eta eskualdeetako testuinguruetara egokitzeko, aintzat hartuta patogenoen banaketan eta erresistentzia-kargetan eskualdeek dituzten aldaerak.
Hartzaileak
Gida hori honako hauentzat da: antibakterianoak garatzen dituzten enpresentzat, ikerketa-erakunde akademiko eta publikoentzat, ikerketaren finantzatzaileentzat, MAEren gaineko I+Gn parte hartzen duten elkarte publiko-pribatuentzat, MAEri buruzko politikak eta programak egin eta ezartzeaz arduratzen direnentzat.
Metodologia
Lehentasunezko bakterio-patogenoen zerrenda egiteko, bakterio farmakoerresistenteek eragindako infekzioen mundu-mailako karga zehaztu da, bai eta kutsakortasunarekin, tratagarritasunarekin eta prebentzio-aukerekin lotutako gaiak ere. Horretarako, osasun publikoan duten eragina aztertu da.
Lehentasunezko bakterio-patogenoen zerrenda
1. LEHENTASUN KRITIKOA
- Karbapenemikoekiko erresistentea den Acinetobacter baumannii
- Hirugarren belaunaldiko zefalosporinekiko erresistenteak diren enterobakterioak
- Karbapenemikoekiko erresistenteak diren entreobakterioak
- Errifanpizinarekiko erresistentea den Mycobacterium tuberculosis
2. LEHENTASUN ALTUA
- Fluorokinoloekiko erresistentea den Salmonella Typhi
- Fluorokinoloekiko erresistentea den Shigella
- Bankomizinarekiko erresistentea den Enterococcus faecium
- Karbapenemikoekiko erresistentea den Pseudomonas aeruginosa
- Fluorokinolonekiko erresistenteak diren salmonella ez tifoideak
- Hirugarren belaunaldiko zefalosporinekiko edota fluorokinolonekiko erresistentea den Neisseria gonorrhoeae.
- Metizilinarekiko erresistentea den Staphylococcus aureus
3. LEHENTASUN ERTAINA
- Makrodiloekiko erresistenteak diren A taldeko estreptokokoak
- Makrodiloeliko erresistentea den Streptococcus pneumoniae
- Anpizilinarekiko erresistentea den Haemophilus influenzae
- Makrodiloekiko erresistenteak diren B taldeko estreptokokoak
Aldaketak 2017ko zerrendarekin erkatuz gero
Antimikrobianoekiko erresistentziaren mehatxuak gora egin du 2017an lehenengo zerrenda argitaratu zenetik, eta horrek murriztu egiten du antibiotiko ugariren eraginkortasuna.
2024ko zerrendan lau konbinazio berri gehitu dira. Hirugarren belaunaldiko zefalosporinekiko erresistenteak diren enterobakterioak aparteko talde batean sartu dira, lehentasun kritikoaren kategorian. Horrek agerian uzten du daukaten morbimortalitate-karga eta horiei aurre egiteko esku-hartze espezifikoak ezartzeko beharra, batez ere diru-sarrera txikiko eta ertaineko herrialdeetan.
Gainera, karbapenemikoekiko erresistentea den Pseudomonas aeruginosak eragindako infekzioa kategoria kritikotik lehentasun altuko kategoriara eraman da, erresistentziek mundu-mailan murrizketa izan dutela adierazten duten azken txostenak islatzeko.