Ontziratutako elikagaiak kontsumitzeagatik botulismoa izateko arriskuaren ebaluazioa
AESANek bere Batzorde Zientifikoak eginiko irizpen bat argitaratu du. Irizpen horretan, elikagaiak kontsumitzeagatik botulismoa izateko arriskua ebaluatzen da. Irizpenean, elikagaietan Clostridium botulinumaren biziraupenean eragina duten faktoreak aztertzen dira, hutsean edo atmosfera aldatuan ontziratutako V gamako elikagaien kalteberatasuna (kontsumitzeko prest daudenak edo tratamendu termiko arinen bat izan dutenak) identifikatzen da eta arrisku hori kontrolatzeko gomendioak ematen dira.
Botulismoaren arriskua kudeatzeko, segurtasun-tarteak ezartzen dira toxina botulinikoa sortzen duten Clostridium botulinumaren esporek bizirauteko, ernetzeko eta hazteko duten aukeren arabera. Bakterio horrek elikagaietan duen biziraupena honako hauek egotearen araberakoa da: oxigenoa, pH-a, uraren jarduera, tenperatura eta kontserbagarriak egotea ala ez.
Ondorio nagusiak
- Elikagai esterilizatuen kasuan (kontserbak), aplikatutako tratamendu termikoa nahikoa da C. botulinumaren esporak inaktibatzeko; beraz, prozesatzen eta ontziratzean akatsik egon ezean, elikagai horiek seguruak dira, beren formulazioa, tenperatura eta biltegiratze-denbora gorabehera.
- V gamako elikagaiak (kozinatuak, ontziratuak, pasteurizazio-tratamendu arina izan dutenak, eta kontsumitu aurretik berotuta kontsumitzeko prest daudenak) gainera hotz eta hutsean edo atmosfera aldatuan ontziratuta badaude, bereziki kalteberak dira; izan ere, beren konposizioaren arabera, C. botulinumaren hazkundea eragin dezakete 3,3ºC-tik gorako tenperaturetan. Ondorioz, toxina botulinikoa gara daiteke eta toxina hori ez da inaktibatuko kontsumitu aurretik berotzean.
Arriskuak kontrolatzeko neurriak
Arrisku hori kontrolatzeko neurri nagusia tratamendu termikoa da, zehazki, esterilizazioa.
Horrez gain, bereziki garrantzitsua da C. botulinum garatzea ekidingo duten kontrol-neurriak ezartzea bai elikagaiak formulatzean (pH-a, uraren jarduera, NaCl kontzentrazioa edo eragile antimikrobianoren bat), bai elikagaiak biltegiratzeko denbora eta tenperatura zehatz-mehatz kontrolatzean (egokiena: 3,3ºC-tik behera).
Bestalde, botulismoa izateko arriskua, neurri handi batean, elikagaia prestatzean izaten dugun higienearen araberakoa da; hortaz, funtsezkoa da higiene-jardunbide egokiei jarraitzea elikagaiak prestatzean.
Azkenik, kontsumitzaileek zorrotz bete behar dituzte enpresa ekoizleak elikagaiak kontserbatzeko eta kontsumitzeko ematen dituen jarraibideak.