Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak 2018ko urteko txostena argitaratu du. Txosten horretan, Zuzendaritzak egoitza nagusian nahiz hiru lurraldeetan egin dituen jarduerak jasotzen dira.

Elikagaien Segurtasunaren ikuspegitik, honako informazio garrantzitsu hau nabarmendu nahi dugu:

Microbiologia

2018an, 672 Salmonella kasu jakinarazi dira. Salmonellak eragindako infekzio gastrointestinalak murriztu egin dira 2003tik, nahiz eta ekainean, urrian eta azaroan Salmonella typhimuriumen isolamenduak aurreko bost urteetako datuak gainditu zituzten.

Era berean, Campylobacter bakteriaren 2.624 kasu erregistratu ziren; 5 urtez azpikoetan agertu ziren kasuen % 35,4 eta % 23,7, aldiz, 5-15 urte artekoen taldean. Azken hamar urteotan Campylobacter bakteriaren isolamenduen goranzko joera erregistratu da.

Iazko datuekin alderatuta, Rotavirus kasuak murriztu egin dira; 815 isolamendu egin dira. 5 urtez azpikoen artean erregistratu da Rotavirusak eragindako beherako-gaixotasunen % 80,9.

2018an, 29 Listeria kasu erregistratu ziren. Kasuen % 65,5 gizonetan erregistratu ziren. Kasu guztien artean, 64 urtetik gorakoei eragin zieten kasuen % 93,1 eta gainerako % 6,9a, aldiz, 30-64 urte artekoen taldeari. Ez da kasurik erregistratu 30 urtez azpikoen artean.

Segurtasun Kimikoa

Guztizko Dietaren Azterlanaren esparruan, honako hauen ahorakinak zaindu dira: beruna, kadmioa, artsenikoa (guztizkoa eta inorganikoa), guztizko merkurioa eta metilmerkurioa, nitratoa, nitritoa eta sulfitoa.

Kasu guztietan, zenbatetsitako batez besteko ahorakinak erreferentziazko balioen azpitik daude.

2018an berunaren batez besteko eguneko ahorakina 0,21 µg/kg-koa izan da; hau da, erreferentziazko balio toxikologikoaren % 42. Azken urteotan ahorakinak beherakada izan du aurreko urteekiko, barazkien, fruten, haragien eta haragikien kontzentrazio jakinak murriztearen ondorioz.

2017an kadmioaren batez besteko asteko ahorakina 1,31 µg/kg-koa izan da; erreferentziazko balio toxikologikoaren % 52.

Merkurioa eta artsenikoa arrainen taldean soilik zehaztu da. 2018an metilmerkurioaren asteko batez besteko ahorakina 0,60 µg/kg-koa izan da; astean onar daitekeen ahorakinaren % 46. Aztertutako arrainen laginetan ez da aurkitu artseniko inorganikorik kuantifikazio-mugaren gainetik.

Nitratoaren eta nitritoaren ahorakinak dietaren hiru taldetan zehaztuz balioetsi da: haragikiak, patatak eta ortuariak eta barazkiak. Barazkiak izan dira dietari nitratoaren ekarpen nagusia egin diotenak (% 74). Pataten ondoriozko ekarpena % 10ekoa da, eta haragikiena, berriz, % 5ekoa. Gainerako % 11 edateko urarena da. Elikagaiak eta edateko ura kontuan izanda, eguneko batez besteko ahorakina 0,72 mg/kg-koa da; eguneko ahorakin onargarriaren % 19.

Azkenik, sulfitoen ahorakina kalkulatzeko, konposatu horrek haragikien eta edari alkoholdunen taldeetan duen presentzia zehaztu da. Sulfitoen batez besteko eguneko ahorakina 0,07 mg/kg-koa da SO2 gisa; eguneko ahorakin onargarriaren % 10. Ahorakin gehienak haragikietatik datoz (% 84), edari alkoholdunetatik datorrenaren aldean (% 16).

Elikagai bidezko toxiinfekzioen agerraldiak

EAEn, elikagai bidezko 25 agerraldi jakinarazi dira. Agerraldi horietan, 641 pertsona jarri ziren arriskuan eta horietako 259 gaixotu ziren. 3 ospitaleratu behar izan ziren. Horietako bat hil egin zen.

Agerraldien % 52an ezin izan zen tartean zegoen elikagaia identifikatu. Agerraldien % 12an elikagai erantzulea itsaski, krustazeo eta moluskuen kategoriakoa zen. % 8an gazta izan zen agerraldien erantzulea; hain zuzen ere, bi agerralditan.

Besteak beste, jatetxe eta taberna publikoak izan dira 2018an erregistratutako agerraldietan gehien inplikatuak, kasuen % 32an.

Agerraldiaren eragilea ezin izan zen zehaztu kasuen % 56an; aldiz, % 12n eragilea Clostridium perfringens izan zen, % 8an Staphilococcus aureus, % 8an Norwalk birusa eta % 4an Salmonella.

Ikuskapenak hiltegietan

Euskal Autonomia Erkidegoko hiltegietan eginiko konfiskazioetan, behikia pixka bat igo da animalien guztiko konfiskazioetan inflamazio-prozesu akutuengatik (% 40); hain zuzen, horixe izan da produktuak konfiskatzeko lehenengo arrazoia (peritonitisa, perikarditisa, septizemia, nefritisa).

Ante mortem bajengatik eginiko konfiskazio eta ante mortem azterketetan kontsumorako sakrifikatzeko egokiak ez direlako irizpena jaso duten animalia gehiago daude (% 13). Kakexiagatik eginiko konfiskazioak ere igo egin dira (% 7). Ez da guztizko konfiskaziorik egin tuberkulosiagatik.

Animalia bizidunen ante mortem ikuskapenetan egiaztatutako gorabeherak, maiztasun handiagoarekin, animalien ongizate-faltaren, garbiketa-egoeraren eta osorik ez identifikatzearen ondoriozkoak izan dira behietan; animalien identifikazioaren ondoriozkoak zaldietan, eta animalien ongizate-faltaren eta gaixotasun-zantzuen ondoriozkoak txerrietan.