Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak 2017ko urteko txostena argitaratu du. Bertan, Elikagaien Segurtasunari lotutako datu epidemiologikoak eta ekintzak jasotzen dira.

 

Arrisku Biologikoak

2017an salmonellak eragindako infekzio gastrointestinalen 755 kasu jakinarazi dira. 2013tik, S. typhimurium-en aitortutako kasuak pixkanaka areagotzen joan dira, salmonellengatikoak murriztu diren bitartean.

2008tik txostenaren datara arte, goranzko joera erregistratu da Campylobacter bakterioaren isolamenduan; 2015ean erregistratu zen punturik gorenena. 2017an, Campylobacter bakterioaren 2.268 kasu jakinarazi ziren guztira (kasuen % 40,6a 5 urtetik beherako haurrengan, eta % 20,6a 5-14 adin tartean).

Aurreko bederatzi urteekin alderatuta, errotabirusen kasuetan areagotzea egon da, eta 1.039 isolamendu egin dira (errotabirusaren ondoriozko beherako-gaixotasunen % 77 5 urtetik beherako haurrengan erregistratu da).

Listeriari dagokionez, 31 kasu jakinarazi dira; eta horietako % 58 emakumeengan. Kasu guztien % 61,3 64 urtetik gorako pertsonak ziren, eta gainerako % 29 40-64 adin tartekoak.

Arrisku Kimikoak

2017an, Erabateko Dietaren Azterketaren baitan, honako hauen ingestak zaindu dira: beruna, kadmioa, artseniko osoa, merkurio osoa eta metil merkurioa, nitratoa, nitritoa eta sulfitoa.

Kasu guztietan, estimatutako batezbesteko ingestak erreferentzia-balioen azpitik daude.

Beruna eta kadmioa modu zabalean banatuta agertu dira dietaren elikagai-talde desberdinetan. 2017an, hau izan da berunaren asteko batezbesteko ingesta: 1,54 µg/pisu kg. Azken urteetan, ingestan murrizketa gertatu da aurreko urteekin alderatuta; batez ere, barazki, fruta, haragi eta haragien eratorrien taldeetan kontzentrazio zehatz batzuk murriztu direlako.

2017an, kadmioaren asteko batezbesteko ingesta hau izan da: 1,15 µg/kg; hau da, erreferentzia toxikologikoaren balioaren % 46.

Barazkiek dietaren nitrato-ekarpen nagusia egin dute: % 66. Patatak ekarpen horren % 12 dira; haragien eratorriak % 7; eta edateko ura % 15.

Kalkuluen arabera, sulfitoaren eguneko batezbesteko ingesta 0,05 mg/kg da (SO2 gisa adierazita); hau da, Eguneko Ingesta Onargarriaren % 7 (haragien eratorrien eta edari alkoholdunen taldeak aintzat hartuta).

Elikagai bidezko Toxiinfekzioen agerraldiak

EAEn elikagai bidezko 37 agerraldi jakinarazi dira; 10 Araban, 8 Gipuzkoan eta 19 Bizkaian. Gipuzkoako agerraldietako bat bestelakotzat jo da, ezaugarri bereziak baititu. Kasu horretan, esposizio-iturria kontsumo publikorako ura izan zen, Norovirus GII-ren presentziagatik kontsumigarria ez zena.

2017an gertatutako gainerako agerraldien ondorioz (Gipuzkoako agerraldi hidrikoa aintzat hartu gabe) 2.442 pertsona arriskuan izan ziren. Horietatik, 420 gaixotu ziren eta 24k ospitaleratu behar izan zituzten. Ez zen hildakorik egon.

Agerraldien jatorria eta haietan inplikatutako Elikagaiak

Agerraldien % 37,83an ezin izan zen identifikatu inplikatutako elikagaia; eta identifikatutako kasuei dagokienez, hauek izan ziren elikagai nagusiak: arrautza/oboproduktua (% 18,91), arraina (% 8,1) eta gazta (% 8,1).

Ostalaritzako establezimendu publikoak (jatetxeak, tabernak) izan dira gehien inplikatutakoak 2017an erregistratutako agerraldietan.

Agerraldien % 37,83an Salmonella identifikatu zen eragile inplikatu gisa; eta % 21,62an eragile etiologikoa ez zen identifikatu.

Zoonosia

Nabarmentzekoa da Q sukarraren 81 kasu erregistratu zirela 2017an (kasuen % 59,3 berretsi zen). Gizonak izan ziren kaltetuenak (% 71,6), eta kasuen batez besteko adina 41 urtekoa izan zen. Kasuen % 38,3an gaixoa ospitaleratu behar izan zen.

Hiltegietako ikuskapenak

Euskal Autonomia Erkidegoko hiltegietan eginiko konfiskazio guztien artean, behi-aziendan animalien konfiskazioen zenbatekoa murriztu zen, hanturazko prozesu akutuengatik (% 35); eta hori da konfiskazio-kausa nagusia (peritonitisa, perikarditisa, septizemia, nefritisa).

Konfiskatze gehiago egin dira ante-mortem erako bajengatik eta ante-mortem azterketan kontsumorako ez-hilgarri iritzitako animalien bajengatik (% 10); eta, era berean, bronkopneumoniagatiko konfiskatzeak areagotu egin dira (% 11). Aurten, aldiz, tuberkulosiaren ondoriozko konfiskatzeak murriztu egin dira (% 5).

Animalia bizidunen ante-mortem ikuskapenean egiaztatutako gertakariak, maiztasun handiagoan hauen eraginezkoak dira: behi-aziendan, animaliaren ongizate eza, identifikazio osatugabea eta azal-garbitasunaren egoera; ekidoetan, garbitasun-egoera eta identifikazio‑egoera; eta txerri-aziendan, animaliaren ongizate eza eta gaixotasun-adierazleak.