EFSAk europarren perkloratoarekiko esposizioaren ebaluazioa argitaratu du. Elikagaiak eta edateko ura kutsatzen dituen elementu hori naturalki ager daiteke ingurunean, baina baita gizakiaren eraginez ere.

Ebaluazioaren ondoriozko datuetatik hauek dira aipagarrienak:

Perklorato gehien duten elikagaiak

Batez besteko balio nahiko altuak aurkitu ziren landare-produktu lehorretan, hala nola tean eta beste infusio batzuetan (solidoak) (324 µg/kg), eta belar, espezia eta gozagarrietan (63 µg/kg).

Barazki freskoen artean, batez besteko balio nahiko altuak aurkitu ziren errefauan (117 µg/kg), errukulan (75 µg/kg) eta ziazerba freskoan (132 µg/kg).

Esposizio handiena dakarten elikagaiak

Elikagai multzo hauek esposizio handia dakarte biztanleria talde guztientzat: barazkiak eta horien deribatuak, esnea eta esnekiak, eta frutak eta horien deribatuak.

Beste elikagai multzo batzuek pisu handiagoa dute biztanleria talde espezifikoetan; adibidez: haurtxoentzako elikagaiek 0 eta 3 urte arteko haurretan, fruta- eta barazki-zukuek 1 eta 18 urte arteko gazteetan, eta te eta infusioek (edariak) helduetan.

Esposizio handiena jasaten duten biztanleria taldeak

Biztanleria talde gazteenetan (0 eta 10 urte arteko haurrak) elikadura-esposizio kronikoaren maila altuagoak ikusi dira beste talde batzuetan baino: talde horren batez besteko esposizio kronikoaren maila gorputzeko pisuaren 0,04-0,61 µg/kg-koa da egunean; biztanleria talde helduagoetan, aldiz, tartea gorputzeko pisuaren 0,04-0,19 µg/kg-koa da egunean.

Zalantzak

Esposizioaren ebaluazioan dauden zalantzak, nagusiki, eskuragarri dauden datuen mugen ondoriozkoak dira, bai Europako merkatu osoa barne hartzeari bai elikagai multzo esanguratsu guztiak aztertzeari dagokionez. Gainera, zaila da eskualdeen, urtaroen, kutsadura-iturrien eta nekazaritza-praktiken arabera alda daitezkeen datu guztiak kontuan hartzea.

Zalantza sorrarazten du, halaber, bularreko haurrentzako eta hardun edo edoskitzaroan dauden emakumeentzako elikagaien kontsumo-datuak eskuratzeko aukerak.