EFSA plagizida-hondakinei buruzko urteko txostena argitaratu du. Bertan, ikuspegi orokorra ematen da Europar Batasunean 2010ean zehar elikagaietan antzemandako plagizida-hondakinei buruz, eta ebaluatu egiten da europar kontsumitzaileek dietaren bidez hondakinekiko duten esposizioa. Aztertutako laginen % 97,2 legeak ezarritako gehienezko mugen parean edo horien azpitik daude.

Txostenean aparteko atal batean aipatzen dira programen emaitzak; zehazki, Programa Erkide Koordinatuarenak eta programa nazionalenak.

Programa Erkide Koordinatuari dagokionez, txostenak erakusten du aztertutako laginen % 98,4k bete egiten dituela EBn elikagaietarako baimendutako plagizida-hondakinen gehienezko mailak (HGM).

Elikagai hauek aztertu dira: sagarrak, azak, porruak, letxugak, esnea, muxikak, madariak, zekalea edo oloa, marrubiak, txerri-haragia eta tomateak. Guztira 12.168 lagin aztertu dira 2010ean.

HGMak gainditu zituzten elikagaien ehuneko handienak honako hauek izan ziren: oloa (% 5,3), letxuga (% 3,4), marrubiak (% 2,8), muxikak (% 1,8), sagarrak (% 1,3), madariak (% 1,3), tomateak (% 1,2), porruak (% 1,0), azak (% 0,9) eta zekalea (% 0,2). Esnearen eta txerri-haragiari kasuetan, azaldutako laginetan ez ziren HGMak gainditu.

Hondakinen gehienezko mugak gainditu dituzten laginen ehunekoa handitu egin da 2007tik 2010era bitartean honako labore hauetan: letxuga, porrua, oloa eta tomatea.

Halaber, 2010ean programa nazionalen testuinguruan 77.075 lagin hartu ziren. Aurreko urtearen aldean, horrek % 13,4ko gorakada dakar. Guztira, 529 elikagaitan, 982 plagizida (metabolitoak salbu) aztertu ziren. Guztira 328 pestizida ezberdin aurkitu dira, kopuru neurgarrietan, barazkietan. Bestalde, 301 atzeman dira fruta eta fruitu lehorretan, eta laboreetan 88 pestizida ezberdin aurkitu ziren.

Aztertutako laginen % 97,2 legeak ezarritako gehienezko mugen parean edo azpitik daude. Laginen % 2,8ren kasuan, legeak ezarritako mugak gainditu egin ziren pestizida bati edo gehiagori dagokionez. HGMak sarriago atzeman ziren hirugarren herrialde batzuetatik etorritako produktuen laginetan (zaintzapeko laginen % 7,9), EBko eta AELCko herrialdeetan baino (zaintzapeko laginen % 1,5).

Lagin bereko hondakin anitzei dagokienez, bi pestizida edo gehiagoren hondakinak aurkitu ziren 19.385 laginetan (zaintzapean aztertutako laginen % 26,6). Gehienetan hondakin ugari zuten elikagaiak honako hauek izan ziren: gibela (23 laginen % 95,7), zitrikoak (4.363 laginen % 62,8) eta marrubiak (2.479 laginen % 60,5).

Animalia-jatorriko elikagai gehienetan ez zen hondakin atzemangarririk aurkitu (laginen % 87,3 zeuden kuantifikazio-mailen azpitik). Guztira 43 pestizida ezberdin aurkitu ziren animalia-jatorriko produktuetan. Gehienetan atzemandako pestizidak DDTa eta HCHa izan ziren; zehazki, plagizida horietarako eginiko laginketen % 13,4n eta % 11,6n atzeman ziren, hurrenez hurren. Substantzia horiek kutsatzaile organiko iraunkorrak dira, eta matrize koipetsuetan biometatzeko joera dute. EBn debekatuta dago plagizida horiek erabiltzea.

2010ean aztertutako haurrentzako elikagaietatik ateratako 1.828 laginetatik, 154 laginek plagiziden trazak zituzten. Bestalde, 36 laginetan (% 2) gainditu egiten ziren legeak ezarritako mugak.

Halaber, jatorri ekologikoko 3.571 lagin aztertu ziren. Fruta eta fruitu lehorrei gagozkielarik, HGMen gainditze-maila txikiagoa (% 0,9) atzeman zen ohiko moduan hazitako fruta eta fruitu lehorren aldean. Barazki-laginen kasuan, HGMak gainditzen dituzten tasak % 1,0 eta % 3,8koak izan ziren, hurrenez hurren, produktu ekologikoetarako eta ohiko moduan hazitakoetarako. Oro har, HGMen gainditze-tasa elikagai ekologikoetan % 0,8koa izan zen. Guztira 131 plagizida ezberdin aurkitu ziren, kontzentrazio neurgarritan, produktu ekologikoetan. Horietatik 26 plagizida aurkitu ziren gutxienez 5 laginetan. Ikusi da 26 substantzia horietatik 25 ez daudela baimenduta nekazaritza ekologikoan.

Epe luzeko esposizioaren (kronikoa) ebaluazioa egin zen EBren zaintza-programa koordinatuaren menpeko 178 substantzietatik 171n. Horietarako erabilgarri zeuden erreferentziazko balore toxikologikoak, eta oinarri gisa gizakien dietako 28 elikagai garrantzitsuenetan aurkitutako hondakinak erabili ziren.

2010ean EBren Kontrol Koordinatuko Programan jasotako plagizida bakar batek ere ez zituen gainditu muga toxikologiko onargarrian. Oinarri gisa hartuta egur egungo zientzia-ezagutza, ondorioztatu zen EBren gainbegiratze-programaren baitako elikagaiek ez dakartela inolako arriskurik, epe luzean, kontsumitzaileentzat.

EFSA