Pirrolizidina alkaloideen presentzia elikagaietan – EFSA 2015
EFSAk lan bat argitaratu berri du, eta bertan animalia jatorriko elikagaietan (esnea eta esnekiak, haragia eta eratorriak, eta arrautzak) zein landareetatik eratortzen diren produktuetan (belar-teak eta elikadura gehigarriak) dagoen pirrolizidina alkaloideen presentziari buruzko informazioa bildu du.
Pirrolizidina alkaloideak Asteraceae, Boraginaceae eta Fabaceae familietako hainbat landare espeziek sortutako bigarren mailako metabolitoak dira, eta substantzia txartzat jotzen dira gizakien eta animalien elikaduran, propietate genotoxikoak eta kantzerigenoak baitituzte. EFSAko CONTAM panelak bi iritzi zientifiko eman zituen (EFSA 2007 eta EFSA 2011), eta horietan gomendatu zuen Europako hainbat eskualdetako elikagaietan konposatu horiek zuten presentziari buruzko datuak biltzeko, datu nahikoa izateko eta horiekin arriskua ebaluatzeko.
Holandako RIKILT institutuak, Alemaniako BfR institutuak eta Kataluniako IRTA institutuak egin dute argitaratu berri den lan hori, eta 1.105 lagin aztertu dituzte, denera. 2014ko urtarriletik 2015eko apirilera bildu ziren supermerkatuetan, saltoki txikietan eta Interneteko salmentan, Europako sei herrialdetan (Frantzia, Alemania, Grezia, Italia, Herbehereak eta Espainia). Laginak kromatografia likidoa eta masen espektrometria erabiliz aztertu ziren, eta 28 eta 35 pirrolizidina alkaloide artean hauteman ziren.
Animalia jatorriko laginetan alkaloide maila txikia aurkitu zuten (% 2); landare jatorriko produktuetan, ordea, proportzio handia hauteman zen; bereziki belar-teetan ( % 91); horietan aurkitu zen pirrolizidina-alkaloideen kontzentrazio handiena.
Animalia jatorriko produktuak
Animalia jatorriko 746 lagin aztertu ziren; zehazki, 268 esne- eta esneki-lagin (jogurta, gazta eta haurrentzako formula barne), 205 arrautza-lagin, eta 273 haragi-lagin (behi-, txerri- eta hegazti-gibela barne).
- Honako lagin hauetan aurkitu zuten alkaloideen presentzia: 11 esne-laginetan (% 6), nahiz eta maila baxua izan (0,05-0,17 g/kg) eta bi arrautza-laginetan (% 1), 0,10 eta 0,12 g/kg arteko balioetan. Animalia jatorriko gainerako produktuetan ez zen pirrolizidina alkaloiderik hauteman.
Landare jatorriko produktuak
Landare jatorriko 359 lagin aztertu ziren. Horietatik 168 infusioetarako prestatutako laginak ziren (te beltza, te berdea, rooibos tea, kamamila, menda eta belar nahastuen tea barne) eta horietatik 191 landareetan oinarritutako elikagai-gehigarriak ziren.
- Belar-teen % 91tan hauteman ziren pirrolizidina alkaloideak; kontzentrazioa 6,13 mg/l-koa zen, batez beste; 460 mg/kg te lehorri dagokiona, hain zuzen. Batez besteko kontzentraziorik handiena rooibos tean aurkitu zen (7,99 mg/l) eta txikiena kamamilan (3,65 mg/l).
- Elikagai-gehigarrien % 60k pirrolizidina alkaloideak zituen, baina kontzentrazioak oso aldakorrak ziren, gehigarri horiek zituzten landareen araberakoak. Alkaloideak sortzen dituzten landareak zituztenek kontzentrazio handiagoa zuten, eta landare horien olioetatik sortutakoek, oro har, ez zuten pirrolizidina alkaloiderik.