MAPAMAk, Espainiako Elikakatearen Kontrol Ofizialerako 2016-2020ko Plana (PNCOCA) indarrean egon den lehen urteari buruzko txostena plazaratu du, plan horrek jasotzen dituen kontrol ofizialeko programetako bakoitzaren emaitzak eta ondorioak bildu ondoren. Ekoizpen Primarioaren eta Elikagaien Kalitatearen arloko txostena da, hain zuzen ere.

Kontrolak denetarikoak dira, eta guztiak arrisku-irizpide eta adierazle desberdinetan oinarritzen dira. Hori dela eta, zaila da kontrol guztien inguruko ondorio bat ateratzea. Dena dela, kontrolen adierazle nagusiak laburtzen dituzten taula batzuk jaso dira txostenean, eta modu orokorrean azaltzen dute zein kontrol egin diren, zein arau-hauste aurkitu diren, zein neurri hartu diren eta agintaritza eskudunek zein ikuskapen egin dituzten kontrol-programetako bakoitzean.

Egindako kontrolak

100.000 kontrol baino gehiago egin dira planeko programetan, eta kontrolen programazioa ia osorik bete da. Bestalde, ikusi da gero eta kontrol gutxiago egiten dela baina arau-hauste gehiago detektatzen direla. Horrek esan nahi du kontrolak hobeto lehenetsi direla, aldez aurretik arrisku-analisi egokia eginda.

Aurkitutako arau-hausteak eta hartutako neurriak

Kontroletan aurkitutako arau-hausteak honako hauekin lotuta daude batez ere:

  • Instalazioen eta ekipoen mantentze-lanak
  • Manipulazio-jarduerak
  • Langileen prestakuntza
  • Erregistroen mantentze-lana
  • Garbiketa eta desinfekzioa
  • Animalien eta izurrien kontrola
  • Hondakin eta substantzia arriskutsuen biltegia
  • Lehengaien eta produktu elaboratuen etiketak

Kontrol-programetan hartutako neurriak arau-hausteekiko proportzionalak izan dira. Hona hemen neurriok, labur azalduta:

  • Operadoreei informazioa eta jarraibideak eman zaizkie
  • Ahozko eta idatzizko ohartarazpenak egin dira eta, ondoren, arau-haustea zuzendu ote den egiaztatu da
  • Zuzentzeko epeak eman eta ikuskapenak egin zaizkie arau-hausteak zituzten operadoreei
  • Zigor-espedientea irekitzeko proposamena egin da
  • Produktuak merkaturatzeko prozesua geldiarazi eta/edo mugatu da
  • Ekoizpena konfiskatu eta/edo suntsitu da, hala zegokion kasuetan
  • Jarduera aldi baterako eten da

Kontrolen kalitatea

PNCOCA 2016-2020 planaren nobedadeetako bat da etengabeko hobekuntzan oinarrituta dagoela. Hori dela eta, garrantzi berezia eman zaio bai kontrolak gainbegiratzeari bai kontrol-programen auditoretzak egiteari.

Programa guztietan, denera 10.701 berrikuspen egin dira, hala agiri bidez nola in situ, eta 540 arau‑hauste aurkitu dira, hots, % 5 inguru.

Autonomia-erkidego gehienek egin dituzte auditoretzak kontrol-programetako batean, aldez aurreko plangintza betez. Agintaritza eskudun guztiek uste dute auditoretzek hobetzeko balio dutela; are gehiago, autonomia-erkidegoren batek neurri zuzentzaileekin osatutako ekintza-planak aurkeztu ditu, detektaturiko arau-hausteak zuzentze aldera.

Era berean, kontrol-programa bakoitzean ahulgune batzuk identifikatu dira:

  • Operadoreek arau gehiegi bete behar dituzte.
  • Baliabide ekonomiko eta giza baliabide gehiegi behar dira kontrol-programa guztiei heltzeko.
  • Ez dago tresna informatiko egoki nahikorik.
  • Gai guztietan espezializaturiko ikuskatzaileak falta dira.
  • Zaila da datuak modu uniformean biltzea.
  • Emaitzak ez dira behar besteko homogeneotasunaz interpretatzen.
  • Zaila da arau-hausteak sailkatzea.
  • Autonomia-erkidegoek ez dituzte jarduerak behar beste adosten.

Hobetzeko neurriak

Emaitzak aztertu eta programen eraginkortasuna egiaztatu ostean, programak aplikatzeko modua hobetzeko zenbait neurri jarri dira martxan, hala nola:

  • Programak eta prozedurak berrikusi dira.
  • Ikuskapen-aktak informatizatu dira.
  • Arau-hausteak aurkitzen diren kasuetarako jarraibideak prestatu dira.
  • Gidak prestatu eta eguneratu dira.
  • Ikuskatzaileei prestakuntza eman zaie.
  • Koordinazio-bilerak antolatu dira.
  • Ikuskapenen ondoriozko presioa berriro banatu da, aldez aurreko emaitzen arabera.

Bestalde, sektoreak araudia hobeto betetzeko zenbait neurri ere abiatu dira: ikuskapen-aktetan gomendioak sartu dira; laguntza-tresna informatikoak egin eta moldatu dira; informazio-materiala prestatu da (triptikoak, jardunbide onen gidak, etab.); operadoreei informazioa eta prestakuntza eman zaie; sektoreari aholku teknikoak eman zaizkio; erakunde eta elkargo profesionalekin lankidetzan jardun da.