Elikakatearen Kontrol Ofizialerako Plan Nazionaleko (PNCOCA) emaitzak biltzen dituen 2020ko urteko txostena argitaratu berri da. Txosten horretan jasotzen dira 625/2017 (EB) Erregelamenduaren esparruan erkidego eta hiri autonomo guztiek gauzatutako kontrolak, koordinatuta aritzen baitira lanean kontrol ofizialak egiten eta txosten hau egiteko beharrezko informazioa igortzen.

Garrantzitsua da COVID-19ak sortutako pandemia aipatzea eta 2020ko martxoan dekretatutako alarma-egoera ere bai, ezohiko egoera eragin baitzuen eta kontrol-zerbitzu ofizialen lanean erasana izan zuen. Hasieran ikuskapenak murriztu egin ziren arren, pixkanaka egokitu eta jarduerak egiten hasi ziren berriro; horri esker, programatutako kontrol-jarduera asko eta asko egiteko moduan izan ziren.

 

Txostenak hiru atal handi ditu, kontrol ofizialaren erreferentziazko esparruaren arabera:

Ekoizpen primarioaren eta elikagaien kalitatearen kontrol ofiziala

Kontrol Ofizialaren atal hau Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak (MAPA) koordinatzen du, eta nekazaritza, abeltzaintza, arrantza eta elikagaien kalitatearen esparruan egindako kontrolak biltzen ditu; kontrol ofizialeko 19 programatan banatuta daude.

 

Inolako antzekotasunik gabeko ezaugarriak, arrisku-irizpide desberdinak eta adierazle desberdinak dituzten kontrol ugari dagoenez, ezinezkoa da kontrol ofizialeko esparru honen ondorio globala ateratzea.

 

Txostenean zehaztuta dago MAPAren eskumenen arabera kontrol ofizialen xede diren sektoreen egoera, eta ondoren sartzen dira 19 kontrol-programa horietako bakoitzeko urteko txostenak. Txosten horietan giza baliabideei, prestakuntzari, prozedurei eta programei buruzko legediaren inguruko informazio guztia dago. Txosten horietan daude, halaber, kontrol-programa bakoitzaren gauzatzea, kontrolaren eraginkortasunaren egiaztapena eta kontrol-programetan egindako auditoretzak barne.

Elikadura-establezimenduen eta elikagaien kontrol ofiziala

Kontrol Ofizialaren zatia Elikagaien Segurtasunaren eta Nutrizioaren Espainiako Agentziak (AESAN) koordinatzen du, Kontsumo Ministerioaren mendeko erakundeak.

 

AESANek dibulgazio-materiala ere argitaratu du urteko txosteneko daturik nabarmenenei buruz; infografia bat eta bideo hain zuzen ere. Material horietan jasotako daturik nabarmenenak hauek dira:

  • 601.533 elikadura-establezimendu erroldatuta eta kontrola eginda.
  • 487.064 ikuskaritza eta auditoretza elikadura-establezimenduei buruz, araudia betetzen dutela bermatzeko; legediaren % 80,7 bete da.
  • 125.795 elikagaien informazioaren kontrol; legedia % 88 bete da.
  • 100.764 elikadura-produktu eta elikagaiekin kontaktuan dauden materialen laginak hartu eta analizatu dira; legedia % 98,7 bete da.
  • 66 laborategi publiko, elikagaiak eta elikagaiekin kontaktuan dauden materialak analizatzen dituztenak.
  • 6.872 profesional administrazioan, elikagaien segurtasuna bermatzeko.

Hirugarren herrialdeetatik etorri eta gizakiek erabiltzen edo kontsumitzen dituzten salgaien kontrol ofiziala

Kontrol ofizialaren atal hori Osasun Ministerioak koordinatzen du, eta kontrol ofizialeko lau programa ditu, hirugarren herrialdeetatik etorri eta gizakiek erabiltzen edo kontsumitzen dituzten produktuek nazioko edo Batasuneko araudian ezarritako baldintzak betetzen dituztela bermatzeko, osasun publikoaren, osasungintzaren eta animalien ongizatearen alorrean.

 

Hirugarren herrialdeetatik etorri eta gizakiek erabili edo kontsumituko dituzten salgaien kontrolari dagokionez, finkatutako helburuak erabat bete dira, Atzerriko Osasun Zerbitzuetan ikuskatzeko aurkeztutako salgai-partida guztien kontrol dokumentalak egin baitira. Laginak hartu direnetan, emaitza desegokien portzentajerik handiena animalia-jatorrikoak ez diren produktuena izan da.