PNCOCAren 2014. urteko exekuzio-txostena 15/09/21
MAGRAMAk 2014. urteari dagokion Elikakatearen Kontrol Ofizialaren Plan Nazionalaren exekuzio-txostena argitaratu du. Txosten horretan era globalean eta integratuan jasotzen dira autonomia-erkidegoek eta Estatuko Administrazio Nagusiak beren eskumenak baliatuz egin dituzten kontrolen emaitzak.
Planaren Alderdi Orokorrei dagokienez, honako ondorio hauek lortu dira:
- Ikusi da murriztu egin dela kontrol ofizialeko zereginen arduradunen kopurua, nahiz eta arduradun horiek sarri bertaratu diren prestakuntza-ikastaroetara.
- Ehun agiri baino gehiago berrikusi eta eguneratu dira: kontrol ofizialeko zereginetan baliatutako protokoloak, gidak, argibideak eta prozedurak jasotzen dituzte.
- Laborategiek aurrera egiten jarraitu dute, hala teknika analitikoak egiaztatzen eta balioztatzen, nola giza baliabideak eta baliabide materialak optimizatzen.
Txostenaren bigarren atalean ikuspegi global bat ematen da eginiko kontrolen balorazioaz, atzemandako ez betetzeez eta ez betetze horiei aurre egiteko hartzen ari diren neurriez. Egiten den kontrol kopuruaren eta programa bakoitzaren berezko ezaugarrien ondorioz, ezinezkoa da kontrol horien exekuzio- eta betetze-maila era bateratuan baloratzea.
Ez betetzeak daudenean hartutako neurriei dagokienez, gehienak aho edo idatzi bidezko ohartarazpenak izan dira; ondoren, atzemandako ez betetzea zuzendu denetz egiaztatu da, zehapen-espedienteak ireki dira, jarduera aldi baterako utzi da bertan behera, produktuak ibilgetu eta/edo mugatu egin dira, eta prestakuntza-jarduerak sortu dira.
Hirugarren atalean, agintaritza eskudunek 2014. urtean eginiko ikuskaritzen balorazio nazionala egiten da. Bosturteko honetan ikuskaritzak egiten ez dituen autonomia-erkidego bat izan ezik, programa guztiak ikuskatu dira, gutxienez autonomia-erkidego batean, aurten. Nolanahi ere den, gehienek 2 ikuskaritza baino gehiago egiten dituzte urtean. Azterlan independenteari dagokionez, agintari eskudun gehienek 2011/2015 zikloa amaitzean egitea espero dute.
Azkenik, txostenean Planaren egokitzapen-proposamenak zehazten dira. Aurtengoa denez orain indarrean dagoen PNCOCA aplikatuko den azken urtea, lan aktiboa egiten ari dira 2016-2020 aldirako PNCOCA berria sortzeko: aldaketa nabarmenak ekarriko ditu hala egituran nola edukian.
Txostena honako erakunde hauek egiten dute, elkarrekin: Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen ministerioak, Elikagaien Segurtasunaren eta Nutrizioaren Espainiako Agentziak eta Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioaren Osasun Publikoaren eta Kalitatearen Zuzendaritza Nagusiak.