Europolek eta INTERPOLek OPSON VIII operazioaren emaitzak argitaratu dituzte. Elikagaien Iruzurraren kontrako Europako Sarearen eskariz, aurten ekologiko gisa etiketatutako eguneroko elikagaietako iruzur-ekintzak antzematean jarri dute arreta: haragia, arraina, arrautzak, olioa eta espezieak.

Xedea

Ekintzak nazioarteko hornidura-kateei erreparatu zien bereziki, ahulguneak identifikatzea helburu. Iruzur-susmoak ere ikertu zituen, gidatutako ziurtagiri faltsua, kopuru handitan inportatutako elikagaiak eta pentsuak, horiek guztiak EBren etiketa ekologikoarekin berriz banatzeko.

Sektore ekologikoko irregulartasunak edo arau-hausteak ugaritu egin dira etiketa ekologiko hori daramaten ia elikagai guztietan.

Emaitzak

OPSON VII operazio honetan, EBko 16 estatu-kidek hartu dute parte, borondatez. Justiziaren arloko adituek, poliziako kideek eta aduanetakoek ere hartu dute parte, baita elikadura kontrolatzen duten erakunde publiko eta pribatuek ere.

Nahiz eta ez diren identifikatu giza osasunaren kontrako arrisku larriak, ekintzak, produktuak konfiskatzeaz gain, administrazio- eta zigor-prozedurak eragin zituen.

Zehazki, operazio honetan 90.000 tona produktu ekologiko susmagarri egiaztatu dira, eta osasunarentzat kaltegarri izan zitezkeen 300 tona elikagai eta 39.000 litro edari konfiskatu dira. 35 pertsona daude atxilotuta/ikertuta, eta 2.500 kontrol eta ikuskapen egin dira dendetan, merkatuetan, aireportuetan, itsas-portuetan eta industrialdeetan. Guztira, 1.500 arau-hauste administratibo eta 13 zigor arloko arau-hauste formulatu dira.

Deskubritutako praktika ilegalen artean daude ekoizpen ekologikoan baimendu gabeko substantziak erabiltzea, era konbentzionalean ekoiztutako elikagaiak merkatu ekologikora bidaltzea eta dokumentu faltsuak erabiltzea produktu ekologiko horien trazabilitatea desagerrarazteko.

Araudia

Araudi organiko berria 2021ean sartuko da indarrean, kontrol ofizialeko araudi berriarekin batera. Inportatutako produktuetan EBko araudiak bete beharra barneratzeaz gain, kontrolak indartuko ditu, eta elikagai arloko iruzurrak egiten dituztenen kontrako ekintzak hobetuko ditu.

Bereziki, Batzordearen boterea eta autoritatea indartuko da, zuzenean esku hartzeko iruzur-susmorik badago. Halere, bereziki garrantzitsua da Batzordeak ez ezik estatu-kideek ere ekintzak abiaraztea kontrolak koordinatu eta hobetzeko, hala estatu-kideetan nola mugetan.