Radioaktibitate-dosiak Erresuma Batuko elikagaietan eta ingurumenean 2011n – FSA 2012
Elikagaien Segurtasunerako Britainia Handiko Agentziak, Erresuma Batuko ingurumen-agentziekin elkarlanean, duela gutxi argitaratu ditu 2011n Zaintza Erradiologikoko Urteko Programan jasotako laginen emaitzak. Programaren helburua da elikagaietan erradioaktibitate-maila txikiak mantentzen direla egiaztatzea eta erradioaktibitate-isurien dosiak kontsumitzaileentzat onargarriak direla ziurtatzea.
Elikagaietan atzemandako mailak lagungarri dira Erresuma Batuko zentral nuklearren inguruan hazitako elikagaien kontsumitzaileentzako dosi potentziala kalkulatzeko. Halaber, zentral nuklearretatik urrun bizi diren kontsumitzaileen esposizioa ere ebaluatzen da, leku horietan erradiazioaren iturri naturalek dieta orokorraren erradioaktibitateari laguntzen baitiote.
Ingurumeneko erradioaktibitatearen jatorria anitza da: bere baitan hartzen ditu erradiazio naturala, Txernobylgo istripuko hondakinak eta zentral nuklearretan zein nuklearrak ez direnetan gertatzen diren isurketa erradiaktiboak. Txostenaren ardatza informazioa da; zehazki, iturri erradiologikoetako elikagaien bidez kontsumitzaileek izan dezaketen arriskuaren eta esposizioaren ebaluazioak egiteko erabiltzen dena.
Gainera, txostenean honako hauei buruzko informazioa ere ematen da: dosi erradiologikoak ebaluatzeko metodoak, azken aldian argitaratutako azterlan eta ikerketak, Erresuma Batuko gaur egungo legeria, eta babes erradiologikoari buruzko nazioarteko zein Europar Batasuneko hitzarmenak.
Behin ebaluazioak aztertuta, ondorioztatu da kontsumitzaileek elikakatearen bidez (ura, lurra eta globala) jasaten duten erradiaktibitatearekiko esposizioa, Europar Batasunak ezarritako urteko dosiaren mugaren azpitik mantendu zela 2011n. Muga hori, hain zuzen ere, 1 milisievert-ekoa da, erradiazio-iturri artifizial guztietarako. Beraz, esan daiteke Erresuma Batuan elikagaietako erradioaktibitateak ez duela inolako arriskurik giza osasunarentzat.
FSAren txostena: Erradioaktibitatea elikakatean
Eranskina