Aldaketak egin zaizkio zenbait kutsatzailek elikadura-produktuetan izan dezaketen gehieneko edukia ezartzen duen 1881/2006 (EE) Erregelamenduari kutsatzaile hauei dagokienez:

1. Kadmioa 2021/1323 (EB) Erregelamendua, 2021eko abuztuaren 10ekoa, Batzordearena, 1881/2006 (EE) Erregelamendua aldatzen duena, kadmioak elikadura-produktu jakin batzuetan izan dezakeen gehieneko edukiari dagokionez:

2009ko eta 2012ko ebaluazioetan, EFSAk adierazi zuen kadmioa kartzinogeno genotoxikoa dela, eta, beraz, arriskuan jartzen duela osasun publikoa. Gauzak horrela, herritarrek kutsatzaile horrekiko duten esposizioa murriztea gomendatu zuen.  Horrexegatik, hizpide dugun erregelamenduan murriztu egin da kadmioak elikadura-produktu jakin batzuetan izan dezakeen gehieneko edukia.

Edonola ere, posible izango da gehieneko eduki hori betetzen ez duten eta erregelamendua indarrean sartu aurretik merkaturatu ziren kadmiodun produktuak merkaturatzen jarraitzea 2022ko otsailaren 28ra arte.

2. Beruna 2021/1317 (EB) Erregelamendua, 2021eko abuztuaren 9koa, Batzordearena, 1881/2006 (EE) Erregelamendua aldatzen duena, berunak elikadura-produktu jakin batzuetan izan dezakeen gehieneko edukiari dagokionez:

EFSAK eta Elikagai Gehigarrien eta Kutsatzaileen FAO/OMEko Adituen Batzorde Mistoak 2010ean egindako ebaluazioek agerian utzi zuten berunak neurotoxikotasuna eragin dezakeela haur txikien garapenean; helduengan, berriz, arazo kardiobaskularrak eta nefrotoxikotasuna. Horregatik, erakunde biek adierazi zuten kezkatu egiten zituela berunarekiko elikagaien bidezko esposizioak kalteak eragitea fetuen, bularreko haurren eta haurren garapen neurologikoan. Horrexegatik, murriztu egin da berunak elikadura-produktu jakin batzuetan izan dezakeen gehieneko edukia hizpide dugun erregelamenduan.

Edonola ere, posible izango da gehieneko eduki hori betetzen ez duten eta erregelamendua indarrean sartu aurretik merkaturatu ziren berundun produktuak merkaturatzen jarraitzea 2022ko otsailaren 28ra arte.

3. Alkaloide tropanikoak2021/1408 (EB) Erregelamendua, 2021eko abuztuaren 27koa, Batzorderena, 1881/2006 (EE) Erregelamendua aldatzen duena, alkaloide tropanikoek elikadura-produktu jakin batzuetan izan dezaketen gehieneko edukiari dagokionez:

2018an, EFSAk Europar Batasuneko herritarrek elikagaien bidez alkaloide tropanikoekiko duten esposizio akutua ebaluatu zuen, eta ondorioztatu zuen hainbat biztanle-taldetan gainditu egiten dela erreferentziazko dosi akutua. Horrenbestez, elikagaietan alkaloide tropanikoak eta, batez ere, atropina eta eskopolamina egoteak osasun-arazoak eragiten dizkie herritarrei. Horrexegatik, murriztu egin da alkaloide tropanikoek elikadura-produktu jakin batzuetan izan dezaketen gehieneko edukia hizpide dugun erregelamenduan.

Araudi berriaren eranskinean zerrendatutako elikadura-produktuak kontsumo lehenetsiaren datara edo iraungitze-datara arte merkaturatu ahal izango dira, betiere legalez merkaturatzen badira 2022ko urtarrilaren 1a baino lehen.

4. Zekale-ainoaren esklerozioak eta alkaloideak – 2021/1399 (EB) Erregelamendua, 2021eko abuztuaren 24koa, Batzordearena, 1881/2006 (EE) Erregelamendua aldatzen duena, zekale-ainoaren esklerozioek eta alkaloideek elikadura-produktu jakin batzuetan izan dezaketen gehieneko edukiari dagokionez:

EFSAk 2017an ebaluatu zuen gizakiek eta animaliek elikaduraren bidez zekale-ainoaren alkaloideekiko duten esposizioa. Esposizio akutuaren mailarik altuenek agerian utzi zuten esposizioa erreferentziazko dosi akututik gertu dagoela. Horrexegatik, hizpide dugun erregelamenduan mugatu egin da elikadura-produktu jakin batzuetan izan dezaketen gehieneko edukia.

Araudi berriaren eranskinean zerrendatutako elikadura-produktuak kontsumo lehenetsiaren datara edo iraungitze-datara arte merkaturatu ahal izango dira, betiere legalez merkaturatzen badira 2022ko urtarrilaren 1a baino lehen.