Elikagaien Segurtasunerako Australiako eta Zeelanda Berriko Agentziak hestebeteetan, edari freskagarrietan eta fruitu lehorretan dauden sulfito-mailen zaintza egin du. 2003an eta 2008an antzeko zaintza egin zuten, eta orduan ikusi zen elikagai horiek gehitzen ziotela sulfito gehien dietari. Ondorioz, Agentziak kontsumitzaileentzako aholkuak eguneratu ditu, bere webgunearen bidez.

Ikerlanean 207 lagin ikertu dira orotara: 156 hestebeteenak, 30 edari freskagarrienak eta 21 fruitu lehorrenak (Sultana mahaspasak eta deshidratatutako sagarra), guztiak ere Australiako harategi eta supermerkatuetan jasotakoak.

Aztertutako lagin gehienetako sulfitoen maila legez baimendutako mugen azpitik dago.

  • Saltxitxei dagokienez, behi-okelez egindakoek sulfito gehiago zituzten txerri-, oilasko- edo arkume-okelez egindakoek baino. Azterketa honetan aurrekoetan baino askoz ere lagin gehiago ikertu diren arren, atzemandako sulfito-mailak aurreko azterketetakoen parekoak izan dira.
  • Edari freskagarrietan, sulfito-maila legez baimendutako mugen azpitik dago. Oro har, maila are txikiagoa izan da edari dietetikoetan, azukre gutxikoetan edo gehitutako azukrerik gabeko edarietan.
  • Deshidratatutako frutetan, sagarren mailak mahaspasena gainditu du, nahiz eta horiek guztiak baimendutako mugen azpitik egon diren.

Kontsumitzaileentzako webgunean Agentziak jakinarazi du elikagaietan dauden sulfitoak ez direla arriskutsuak pertsona gehienen osasunerako. Era berean, alergia dutenei aholkatzen die etiketa arretaz irakurtzea; izan ere, sulfitoen kontzentrazioa 10 mg/kg-ren parekoa edo handiagoa bada, derrigor adierazi behar da etiketan.

Ikerketa

Aholkuak