EFSAko CONTAM Panelak zientzia-irizpen bat argitaratu du elikagaietako A Tetrabromobisfenolari (TBBPA) eta horretatik eratorritakoei buruz. Bertan ondorioztatzen da gaur egun Europar Batasunean elikagaien bidez gertatzen den esposizioak ez dakarrela inolako arazorik giza osasunerako.

TBBPA nagusiki sugarra atzeratzeko gehigarri gisa erabiltzen den konposatua da; hortaz, konposatua bera eta bere eratorriak lixibiatu egin daitezke ingurumenera, eta bertatik elikagaietara igaro daitezke. Toxikologia-azterlanak gutxi izan arren, CONTAM panelak ondorioztatu ez dagoela zantzurik esateko TBPPA kantzerigenoa izan daitekeela. Orobat, ondorioztatu du eskura dauden in vitro datuek erakusten dutela ez dela genotoxikoa.

Ebazpen hori emateko, EFSAk 2003. urtetik 2010. urtera bitartean jasotako 652 laginen azterketak bildu ditu. Horietatik % 70 baino gehiago arrainen eta beste arrantza-produktu batzuen laginak izan dira. Laginak lau herrialdetakoak izan ziren (Irlanda, Norvegia, Espainia eta Erresuma Batua), eta guztiak zeuden zenbatespen-mugaren azpitik; hortaz, ezin izan da esposizioaren ebaluazio garrantzitsurik egin. Nolanahi ere den, CONTAM Panelak egoera txarrenaren zenbatespen bat egin du, bi herritar-talde zehatzentzat: behi-esne asko kontsumitzen duten haurrak eta arrain asko kontsumitzen duten helduak. TBBPAren ingestaren zenbatespena 55,7 eta 2,6 ng/gorputz-pisuko kg/egun izan zen, hurrenez hurren. Balore horiek erreferentziazko baloreekin konparatuta, Panelak ondorioztatu du konposatu horiek ez dutela inolako arazorik eragiten giza osasunean. Dena dela, gomendatu egin du TBBPAren eta horren eratorriei buruzko toxikotasun-azterlanak handitzea, eta informazio gehiago biltzea arrainak ez diren bestelako elikagaietako presentziari buruz.

TBPPA ebaluazioa – EFSA