EFSAren Elikakateko Kutsatzaileen Panelak (CONTAM) zientzia-irizpen bat eman du tetrodotoxinak (TTX) eta haren analogoek molusku bibalbioetan eta itsas gastropodoetan duten presentziak osasun publikoari eragin diezazkiokeen arriskuei buruz.

Toxikotasuna

Toxinak itsas bakterioek sortzen dituzte, eta hala arrainetan nola itsas molusku bibalbioetan eta gastropodoetan egon daitezke. Tetrodotoxinaren 25 analogo natural aurkitu dira, eta horietako asko toxikoak izan daitezke. Analogoon ondorio toxikoak eta gizakietan jarduteko duten modua shigatoxina (STX) toxinek dituztenen antzekoak dira: neuronak blokeatu eta muskuluak geldiarazten dituzte, eta horrek heriotza eragin dezake arnas gutxiegitasunaren eta bihotz-kolapsoaren ondorioz. Ez dago, ordea, TTXek eragindako intoxikazioaren kontrako antidotorik.

EFSAren panelak TTXen eta haren analogoen toxikotasunari buruzko zientzia-literatura aztertu du, eta ikusi du informazio mugatua dagoela horren inguruan. Uste da TTX bizkor xurgatzen dela gizakien digestio-hodian; izan ere, denbora-tarte laburra igarotzen da substantzia jaten denetik gizakien intoxikazio-kasuetan ikusitako sintomak hasten diren arte. Dena dela, ez dago toxina horien inguruko erreferentziazko balio toxikologikorik, ezta Europako Batasuneko arrantza-produktuek izan ditzaketen mailei buruzko daturik ere.

Arriskuen ebaluazioa

EFSAk TTXekiko eta haren analogoekiko esposizioa ebaluatu du, Erresuma Batuan, Grezian eta Herbehereetan 2006tik 2016ra bitartean hartutako 1.677 bibalbio-laginen emaitza analitikoetan oinarrituta (muskuiluak, ostrak, berberetxoak, txirlak eta bieirak). Ostretan izan ezik, kontsumitzaile-talde guztietan esposizioa txikiagoa izan zen bibliografian jasotako erreferentziazko dosiak baino. Gastropodoekiko esposizioa ezin izan da kalkulatu, ez delako espezie horietako laginik jaso.

EFSAren kalkuluak aintzat harturik, panelak ondorioztatu du itsas molusku bibalbioak kontsumitzeagatik oro har ez dagoela zertan giza osasunaz kezkatu, ostra ugari kontsumitzen direnean izan ezik. Hala eta guztiz ere, eta oraindik ere zalantzak daudenez, EFSAk gomendatzen du datu gehiago biltzea itsas bibalbio eta gastropodoetan TTXak metatzea eragiten duten iturri eta faktoreei buruz. Horrez gain, informazio gehiago behar da TTXen eta haren analogoen toxikotasun zinetikoari eta ahozko toxikotasunari buruz.