Gaixotasunak Prebenitu eta Kontrolatzeko Europako Zentroak (ECDC) hainbat tresna argitaratu ditu, ikastetxetan infekzio gastrointestinalak eta agerraldiak prebenitzen laguntzeko. Tresna horien artean hainbat talderi zuzenduriko komunikazio-jarduerak aurki ditzakegu; adibidez, hauei zuzendurikoak: ikasleak, irakasleak, jangeletako langileak, familiak, osasun-agintariak…

Honako hauek biltzen ditu tresna-kitak: inplementazio-gida; komunikazio-jarduerak ezagutarazteko logotipoa; hainbat mezu motz eta erakargarri (leloak); gaixotasun gastrointestinalak prebenitzeko neurrien zerrenda, eta piktogramak, kartelak eta Powerpoint aurkezpenak.

Prebentzio-neurriak ECDCk eginiko txosten honetatik atera dira: “Prevención de la infección por norovirus en escuelas e instalaciones de cuidado infantil“. Honako arlo hauek jorratzen dira:

  • Gastroenteritisari buruzko ezagutza
  • Eskuen higienea
  • Gaixotutakoak isolatzea eta baztertzea
  • Inguruaren garbiketa eta desinfekzioa
  • Catering-arauak
  • Agerraldien tratamendua

Azkenik, egiaztatze-zerrenda bat ere badago, ikastetxeetan ziurta dezaten prebentzio-neurri nagusiak aplikatzen ari direla arestian aipatutako taldeetan; izan ere, alde interesdun guztiek bete behar dituzte prebentzio-neurriak.